Berriak
Atzealdea

Udal tasak eta zergak ordaintzeko dirulaguntzak eskatzeko epea urriaren 31 arte zabalik dago

Urtero bezala, urriaren 31ra arte eskatu ahalko dira 2018ko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ-etxebizitzaren jabetzarengatik ordaintzen dena) eta 2019ko hondakin bilketa eta ur-hornidura eta saneamendu tasa ordaintzeko dirulaguntzak.

2019·10·07


Hernaniko Udalak duela bi hamarkada sortu zituen dirulaguntza hauek eta garai hartan aintzindaria izan zen. Horien helburua da diru sarrera gutxienak dituzten familiei laguntzea derrigorrezkoak diren zerga eta tasak ordaintzeko. Neurri horiek ezartzea zerga sistema solidario bat lortzeko norabidean urrats garrantzitsua da.

Dirulaguntzak honakoak dira:

    • OHZ-IBIren kasuan: %50 edo %25eko deskontua, familia unitatearen diru-sarreren arabera
    • Tasen kasuan %100 edo %50a, familia unitatearen diru-sarreren arabera

2017an eman ziren dirulaguntzak

Hondakinak + ur-hornidura eta saneamendu tasak ordaintzeko 93 familiak jaso dute dirulaguntza. 56 familiari itzuli zaie %100 eta 37ri, erdia. Guztira, 14.855 euro.

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ordaintzeko diru-laguntzak jaso dituzte 68 familiak; zergaren erdia itzuli zaio 42 familiari eta %25 26 familiari. Orotara, 6.019,9 euro.

Dirulaguntzak jasotzeko hainbat baldintza bete behar dira: Udalaren webgunean edo Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) eskuragai daude. Hemen baldintzetako batzuk:

    • Familia unitatearen diru-sarrerak: tramo ezberdinak daude familia unitateko kideen arabera.
    • Ur kontsumoa: ezin da 45m3 pertsonako/urtean baino handiagoa izan.
    • Etxebizitzaren katastroko balioa: ezin du 153.000€ baino gehiagokoa izan. (168.000 € familia ugarien kasuan).
    • Bizikidetza unitateko ibilgailu bat baino gehiago ezin da izan.
    • Bizikidetza unitateko kide guztiek Hernanin erroldatuta egon behar dute urtebetez gutxienez eta ezin dute zorrik izan Udalarekin.