Berriak
Atzealdea Udala autobus artikulatuen zirkulazioa errazteko egokitzapenak egiten ari da hiru gunetan
2025·12·12
Hernaniko Udaleko Herrilanen saila hainbat moldaketa egiten ari da Zinkoenea, Elkano eta Antziola kaleetako zenbait puntutan, mugikortasun publikoa errazteko eta autobus artikulatuek herrian zehar modu egokian zirkulatzeko beharrezko baldintzak bermatzeko. Jarduketa hauek hilabetetako lanketaren emaitza dira, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta zerbitzuaren operadorearekin elkarlanean egindakoa.
Lan hauek azken hilabeteetan eskualdeko garraio publikoan izan diren aldaketek eta maiztasun-murrizketek sortu dituzten egoerei erantzuteko egin dira. Egungo antolaketa berriak hainbat lineatan edukiera-arazoak eragin ditu, eta horrek, autobusak beteta iristea eragin du, bai Hernanin bai inguruko udalerrietan. Testuinguru horretan, Hernaniko Udalak bere esku dagoena egitea erabaki du, zirkulazio-baldintzak hobetuz eta zerbitzuaren funtzionamendu egokiagoa errazten lagunduz.
Egokitzapen lanak hilabete honetan amaituko dira, eta ondoren, asfaltatze-lanak egingo dira 2026ko lehen hilabeteetan. Obrak amaitutakoan, autobus artikulatuak Hernaniko kale gehiagotatik igaro ahal izango dira, gaur egun dituzten muga tekniko batzuk gaindituta.
Esku-hartze hauek hobekuntza batzuk ekarriko dituzten arren, Udalak nabarmendu nahi du herri arteko autobus zerbitzuaren antolaketak izan ditzakeen erronkak handiagoak direla. Zentzu horretan, dei egiten dio Gipuzkoako Foru Aldundiari azken urteetan izandako murrizketen aurrean, herritarrek egindako eskaerak entzun eta eskualdeko autobus zerbitzua sendotzeko apustua egiteko eta behar berrietara egokitutako soluzioak aztertzeko.
Hernaniko Udalak bere konpromisoa berresten du: udalerriko eta eskualdeko mugikortasun beharrak asetzeko lanean jarraituko du, eta, bere eskumenen barruan, garraio publikoaren erabilera eta kalitatea sustatzen lagunduko du.


