Berriak
Atzealdea

Hernaniko Udalak eta Chillida Leku museoak elkarlana indartzeko hitzarmena berritu dute

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Mireia Massagué museoko zuzendariak hitzarmen berria sinatu dute gaur. Kultura eta Turismo arloetan Udalaren eta museoaren arteko elkarlana sustatzea da horren xedea.

2021·09·08


Hernanin kokatuta dagoen Chillida Leku museoa erreferentziazkoa da munduan artearen alorrean. Eduardo Chillida eskultorearen artelanak erakusteaz gain, eskaintza kultural eta pedagogiko anitza eta aberatsa ere badauka museoak. Hernaniarrak museora bertaratzea eta arte eta kultura arloetan duen eskaintzaz gozatzea da sinatu berri den hitzarmenaren helburuetako bat.

Hernaniko Udalak, kultur eragileekin elkarlanean, kultur eskaintza zabala antolatzen du herrian eta, bere aldetik, Chillida Lekuk kultur ekimen ugari ere antolatzen ditu. Museoaren eta Udalaren elkarlanari esker, horiek uztartzea eta herriak duen kultur eskaintza aberastea da hitzarmenaren beste lehentasun bat.

Museoaren eskaintza herritar guztien interesekoa bada ere, Udalak arreta berezia jarri nahi izan du haur, nerabe eta gazteengan, Chillida Leku kultura eta artea kolektibo horiengan zabaltzeko eta hausnarketa sustatzeko bitarteko bat izan dadin.

Helburu horiek kontuan hartuta, Hernaniko Udalak konpromiso sorta bat hartzen du hitzarmen honen arabera. Batetik, Udalak Museoari urteko 15.000 euroko ekarpena egingo dio. Horrekin batera, Chillida Lekuri buruzko informazioa eta publizitate eskuorriak Turismo gunean jartzeko, museoak antolatzen dituen ekintza batzuetarako sarrera batzuk erosteko (udako solstizioaren 100 sarrera) eta museoarekin adostutako 3 ekitaldi Udalaren ardurapean uzteko konpromisoa hartzen du.

Chillida Leku museoak, bestalde, herriko ikastetxeei urtean bisita gidatu bana eskaintzeko konpromisoa hartzen du. Halaber, sarrera batzuetan beherapena ere egingo die hernaniarrei. Udalari 3 ekitaldi antolatzeko aukera emango dio, Eduardo Chillidaren figura zabaltzeko prestatzen diren jardueren programaren berri emango dio Udalari eta ekimen horien komunikazio euskarrietan udalak babesle gisa agertu beharko du. Horretaz gain, Chillida Lekuk antolatzen dituen ekitaldietan tokiko sortzaileak kontuan hartzeko konpromisoa ere hartzen du (urtean, gutxienez, bi ekitaldi edo jardueretan), baita ostalaritza zerbitzuetan Beterri Km0 ekimeneko partaide diren nekazari-ekoizleen produktuak erabiltzeko ere.

Bi aldeek, halaber, komunikazio euskarrietan (hala nola kartelak, sarrerak, sare sozialak...) genero parekidetasunaren irizpideak aintzat hartuko dituzte (hizkera eta irudi ez-sexista) eta euskarari lehentasuna emango diote. Ikastetxeetako bisita gidatuak, adibidez, euskaraz egingo dira.