Berriak
Atzealdea Udalak eskaera ofiziala egin dio Eusko Jaurlaritzari Hernani etxebizitza gune tentsionatu izendatu dezan
2025·02·14
Agintaldi honetan Hernaniko Udaleko gobernu taldeak etxebizitza alorrean duen helburu nagusietako bat da Hernani etxebizitza gune tentsionatua delako izendapena jasotzea. Bada, horretara iristeko ezinbesteko urrats bat egin du: udalak eskaera ofiziala egin dio Eusko Jaurlaritzari, hark izendapen hori onar dezan. Xabier Lertxundi Asteasuinzarra alkateak eskaera ofiziala egiten duen dekretua sinatu du, eta hurrengo egunetan bidaliko dizkio udalak gobernuari eskaera bera eta hari atxikitako dokumentazio guztia.
Jaurlaritzak eskaerarekin batera eskatzen duen dokumentazioa hau da: etxebizitzaren inguruko diagnostikoa, hiru urterako ekintza plana, eta justifikazio memoria. Dokumentazio hori eskuan hartuta, hiru hilabeteko epean jaso beharko luke Hernaniko Udalak Jaurlaritzaren erantzuna. Ontzat joko balu, Espainiako Gobernuari egin beharko litzaioke azken eskaera, hura baita izendapena indarrean jarriko lukeena.
Iaz udalak egindako etxebizitzari buruzko diagnostikoaren arabera, Espainiako Etxebizitza Legeak eremu bat tentsionatua delako izendapena jasotzeko behar den baldintzetako bat betetzen du Hernanik, hau da, familiek etxebizitza gastuetarako erabili behar duten dirua batez besteko diru sarreren %30 baino gehiago izatea. Hernaniren kasuan, %30,5 ordaintzen dute herritarrek, batez beste, etxebizitza gastuetarako.
Udalak uste du guztiz justifikatuta dagoela Hernani etxebizitza eremu tentsionatu izendatzea: “Datu demografikoek eta etxebizitzaren erabilera datuek aditzera ematen dute Hernaniko etxebizitza parkea azken urteetan presio handia jasaten ari dela: etxebizitza eskaria oso handia izan da, Donostiak eskualdean eragiten duen prezio altuarengatik, eta eskaintza urriagatik, nagusiki”.

