Berriak
Atzealdea Udalak eta San Joan Konpartsak hitzarmena sinatu dute, euskal kultur ondarea bultzatzen jarraitzeko
2026·04·21
Hernaniko Udalak eta San Joan Konpartsak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute lehenengoz. Gaur sinatu dute hitzarmena Xabier Lertxundi alkateak eta Pepi Arrozpide, San Joan konpartsako lehendakariak.
San Joan Konpartsa 1992an sortu zen, Hernanin euskal kultura aberasteko eta bultzatzeko helburuarekin, eta herrian oso errotua dagoen taldea da. Eragile kultural aktiboa da: erromeriak, euskal dantza ikastaroak, Dantzari Astea, sanjoanetako Kantaita... antolatzen ditu.
Egiten duten lana aintzat hartu eta euskal kulturaren ondarerako ezinbestekoa eta garrantzitsua delako, Udalak San Joan konpartsaren egitekoa laguntzen jarraitzeko asmoz gauzatu du hitzarmena.
San Joan konpartsak 30.000 € jasoko ditu herriko kultur-bizimodua orain arte bezala dinamizatzen jarraitzeko. Honela, euren emanaldiak eta egitasmoak aurrera eramateko aukera izango dute.
Hitzarmena lau urterako sinatu dute Udalak eta San Joan konpartsak.


