Berriak
Atzealdea
Udalaren eta KABIAren arteko hitzarmena egokituko da egungo egoera islatzeko
Babesgune klimatikoen inguruko mozioa onartu da ahobatez
2023·11·02
Pasa den asteartean urriko ohiko udalbatzarra egin zuen Hernaniko Udalak. Landu ziren gaiak ahobatez onartu ziren.
Batetik, Hernaniko Udaleko eta Ereñotzuko Entitate Txikiko udal langileen soldata urte hasieran igotako %2,5az gain, beste %0,5 igotzea onartu zen.
Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko KABIA organismoarekin 2021ean sinatutako hitzarmenean berrikuntzak txertatzea ere onartu zen. Ordutik, Hernaniko zaharren egoitza eta eguneko zentroa KABIAk kudeatzen ditu, Udalaren jabetzako eraikinean. Jangela sozialaren prezioen eguneratzea, orain arte Udalak bere gain hartu dituen uraren eta saneamenduaren gastuak konpartitzea eta obrak egin ondoren bulegoen antolaketa berria islatuko dira hitzarmenean.
PSE-EEk babesgune klimatikoen inguruan aurkeztutako mozioa ere onartu zen ahobatez. Besteak beste, Hernanin egon daitezkeen babesgune klimatikoen inguruko ikerketa egitea eta seinaleztatzea onartu zen.
Eskari-galderen atalean, herritar batek ostalaritza establezimendu batekin dituen arazoen berri eman zuen eta soluzio bat eskatu zuen.