Berriak
Atzealdea

Kulturaz betetako udazkenari ateak irekiko dizkio Biterik

Udako etenaldiaren ostean, Biteri kultur etxeak ateak ireki ditu berriro. Kulturari ateak zabalduko zaizkio eta osasun neurriak ere zorrotz beteko dira. "Kultura eta osasuna, biak funtsezkoak direlako, biak uztartuko ditu udazkeneko egitarauak", esan du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak. Horrela, pandemiaren etengabeko gaiari ihesbideak proposatzen ditu Kultur Sailak: literatura, antzerkia, arte plastikoak, dantza, bertsoak, kabareta eta musikaz gozatzeko parada izango dute hernaniarrek udazkenean.

2020·09·23


Udazkenero bezala, kulturaz gozatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. Aurten, urte berezia izanik ere, Udalak kulturarekin duen konpromisoari eutsi nahi dio. “Pandemian asmatu genuen mezuari, Kulturaz gozatu eta elkar zaindu leloari, alegia, eutsiko diogu oraingoan ere. Osasuna eta kultura, biak gure bizitzetan funtsezkoak direlako”, esan du Koro Etxeberria kultura zinegotziak.

“Kulturaz gozatzeko kalitatezko eskaintza osatu dugu baina osasuna zaintzeko baldintza guztiak beteko ditugu”, ohartarazi du Kultura zinegotziak.

Hartara, aretoaren edukiera %60ra murriztu dira, aurretik sarrera eskuratu beharko da eta sarrera zenbakituak egongo dira, ilarak saihesteko helburuz.

“Kulturaren sektorea oso kaltetuta irten da, kolpe latza jaso dute artistek, sortzaileek  ekoizleek eta teknikariek, eta kulturak ekonomian inpaktu handia duela ere kontuan hartu behar da. Hernaniko Udalak bete apustua mantentzen du sektore honen alde eta pandemiaren ondorioz bertan behera utzitako ikuskizun batzuk berreskuratu ditugu. Horiekin batera, ikuskizun berriak ere ekarriko ditugu Hernanira”, azaldu du Etxeberriak.

Rakel Gonzalez Udal Liburutegiko arduradunak argitu ditu literaturari dagokion programazioaren nondik norakoak. “Udazkena indarrez hasiko dugu. Hitz-andana berreskuratu dugu, laburragoa bada ere. Ekitaldi gutxiago izango ditugu aurten, baina, beti bezala, kalitateari eutsiko diogu”, esan du Gonzalezek.

Andoni Mutiloa hernaniarrak hasiera emango dio literatura ziklo honi. Esnatu naiz kabaret ikuskizun ausartarekin. Bere lanaren bertsio luzea (15' luzatu du) estreinatuko du Hernanin. “Gainerako ekitaldiak, literatur saioak, mintegiak eta abarrak ere izango ditugu; ohiko erritmoa berreskuratzen ari garen seinale. Aforo mugatuekin, baina betiko gogoarekin”, gaineratu du Liburutegiko teknikariak.

Liburutegiko arduradunak nabarmendu du, euskal emakumeen literatura taldean, Miren Agur Meabe idazlea etorriko dela Hezurren erretura liburuaren solasaldira. Aipatzekoa ere Sara Zozayaren saio linbikoa berreskuratuko dela. Saio guztiak gonbidapenarekin izango dira eta segurtasun eta osasun neurriak beteko direla. Hori dela eta, mintegiak eta gaztelerazko  solasaldiak liburutegian egin beharrean, Biteriko aretoan egingo dira.

Nagore Irastortza Kultura teknikariak eman du antzerkia, musika eta beste arte plastikoen egitarauaren berri. “Askotariko jarduerak izango ditugu, ohi bezala haur eta helduentzat. Azpimarratzekoa da Nahastekak atalean sartu dugun Loreak eta zauriak emanaldia -estreinaldia izango da-. Xabier Lete omentzea helburu duen emanaldia da, eta hainbat diziplina uztartuko ditu.

Musikari dagokionez, Katapulta plataformaren zirkuituan parte hartuko du lehen aldiz Hernaniko Kultura Sailak. Euskal sortzaileak bultzatzeko asmoa duen plataforma da Katapulta. “Aurten, Idoia Asurmendi eta Beste urtaroak bi taldeen emanaldiak izango ditugu. Asurmendik poesia eta proiekzioak uztartuko ditu bere saioan, eta Beste urtaroak taldeak, berriz, beste herrialdeetako musikak ekarriko dizkigu, munduko musika-tresnak baliatuta”, azaldu du Irastortzak.

Haur antzerkiari dagokionez, 5 saio izango dira, “horietako bi proposamen berriak dira”, argitu du Kultura teknikariak. “Gizon zoriontsuaren alkandora lana zoriontasunaren inguruan arituko da, ikus-efektuak tartekatuz. Urtarrilean, berriz, neguko oporrak baliatuta, Kotondarrak txotxongiloak izango ditugu. Horiekin batera, txikienek Loo eta O! Lan ikusgarriez gozatzeko aukera izango dute eta, neguko oporretan ere, Hansel eta Gretel ipuin klasikoaren bertsio berria ikusi ahal izango dugu”, erantsi du.

Helduentzako antzerkia
“Helduentzako antzerkian, ohi bezala, hiru eguneko antzerki zikloa izango dugu azaroan”, esan du Irastortzak. Euskaraz, Fadoak entzuten zituen gizona eta Ni,munduko txarrena izango dira. Lehenak maskulinitatearen inguruan gogoeta egiten du eta bigarrenak, musika, melodrama erromantikoa eta tragedia ekarriko dizkigu. Gaztelaniaz, Kulunka Teatrok Quitamiedos taularatuko du Biterin. Antzezlan honek heriotza, maitasuna eta aitatasuna bezain gaiak jorratzen ditu.

Arte plastikoen atalean, azpimarratzekoa da oraintxe abian dugun ZURA erakusketa, Gotzon Huegun artista hernaniarrarena. Egurrez egindako eskultura ikusgarriak izango dira urriaren 18ra arte ikusgai.
      
Zinea ere itzuliko da urrian.

EGITARAU OSOA