Berriak

Atzealdea Udazkeneko programazioarekin hasteko, musika, dantza eta haurrentzako emanaldia urrian

Sarrerak ostiralean jarriko dira salgai Biterin eta online

2024·09·11


Udazkeneko Biteri Kultur Etxeko kultur programazioaren aurrerapena iragarri du Hernaniko Udaleko Kultura sailak. Musika, dantza eta haurrentzako ikuskizun bat izango dira urrian.

Hiru ekimen horietarako sarrerak ostiraletik (hilak 13) aurrera egongo dira salgai online eta Biteri kultur Etxean.

Euskal kantak, oso presente

Urriaren 10ean (19:30), Karena taldearen kontzertua izango da. Boskoteko kide dira Beñat Elizegi eta Irati Jauregi hernaniarrak eta, Beñat Kamio ereñotzuarra. Kontzertu berezia eskainiko dute, Loak irauteko azken diskoko kantak euskal kanta ezagunekin nahastuz (sarrera, 8 euro).

Urriaren 24an (19:30), Aukeran dantza konpainiak Migratzaileak lana oholtzaratuko du. Migratzeak, dantzatzeak bezala, mugimendua du abiapuntu. Hortik sortutako proposamena dakar konpainia donostiarrak (sarrera, 8 euro).

Azkenik, urriaren 26an (12:00) haur eta familientzako ikuskizuna izango da: Zimurren artean kontukantari. Musika eta txotxongiloen bidez, betiko euskal kantak erritmo berrietara ekarriko dituzte, belaunaldien arteko transmisioa galdu ez dadin (sarrera, 3,50 euro).