Berriak

Atzealdea Ugaldetxoko aisialdi eremua ekainaren 28an irekiko da

Hernani eta Ereñotzuko udalek eremuak Urumeaz arduratsuki gozatzeko aukera ematen duela azpimarratu dute

2025·06·18


Ugaldetxoko aisialdi gunea Urumea bailaraz gozatzeko paraje ezin hobea bihurtu da azken urteetan. “Eremuak jokabide arduratsuekin natura eremuaz gozatzeko aukera eskaintzen die hernaniarrei eta Urumeara bisitan datozenei”, gogorarazi dute Ainara Atorrasagasti Hernaniko Ingurumen zinegotziak eta Olatz Juantorena, Ereñotzuko auzo alkateak.

Aurten, ekainaren 28tik irailaren 21era egongo da zabalik Ugaldetxoko aisialdi gunea. Ekainetik irailera 12etatik 20etara egongo da zabalik, egunero. Irailean, berriz, astelehenetik ostiralerako ordutegia 16etatik 20etara izango da eta asteburutan, 12etatik 20etara.

Ohi bezala, autoz bertaratzeko erreserba egin beharko da. Erreserbak 72 orduko aurrerapenarekin egin ahalko dira. Beraz, ekainaren 25etik aurrera aktibatuko da erreserben aplikazioa.

40 ibilgailurentzako tokia dago Ugaldetxo aisialdi guneko aparkalekuan. Oinez, bizikletaz edo garraio publikoz hurbiltzen direnentzako, ez da egongo sartzeko mugarik.