Berriak
Atzealdea

Ur kontagailuen irakurketak egiten hasiko dira udal langileak

2020 urteko lehen lauhilekoaren ur kontagailuen irakurketak gaur hasi da egiten Udala. Atarietan dauden edo etxe barruan baina irrati bidez irakurri daitezkeen kontagailuen irakurketa arazorik gabe egingo dira. Arazoa dago kontagailua irakurtzeko etxeetara sartzea ezinbestekoa denean. Kasu horietan, abonatuak berak irakurketaren berri eman ahal dio Udalari. Irakurketa egiten ez bada, kontsumoaren estimazioa egingo du Udalak.

2020·04·20


2020 urteko lehen lauhilekoaren ur kontagailuen irakurketak gaur hasi dira egiten udal langileak. Aste batzuk egingo dira herriko etxe guztietakoak irakurtzen. Irakurketa hau egitea ezinbestekoa da, atzeratuz gero, hurrengo fakturazioaren zenbatekoa nabarmen handitu daitekeelako.

Kontagailu batzuk atarietan daude eta horiekin ez dago arazorik. Beste batzuk, etxe barruan egonda ere, irrati bidezko seinalea igortzen dute eta horrela irakur daitezke. Dena dela, beste irakurgailu batzuk etxe barruan daude eta lekuan bertan irakurri behar dira ezinbestean.

COVID-19ak sortutako egoera dela eta, eta bai herritarrak bai udal langileak babesteko helburuz, irakurketa horiek ezin dira ohiko moduan egin eta, beraz, irtenbide batzuk proposatu ditu Udalak.
Hortaz, irakurketa egin ezin daitezkeen etxe horiek bi aukera izango dute:

1. Abonatuek fakturatu beharreko irakurketa Udalari telefonoz edo posta elektronikoz jakinaraztea
        ◦ Telefonoz: 943 330 805 telefonora deitu eta abonatuaren izena, helbidea eta irakurketa ematea. Grabagailu bat da eta mezuak gordetzen ditu.
        ◦ E-postaz: zerbitzupublikoak@hernani.eus helbidera beren izena, helbidea eta irakurketa bidaltzea.

2. Irakurketa jakinarazten ez duen abonatuari aurreko kontsumoetan oinarriturik estimazio bat egingo da eta hori fakturatuko zaie. Irakurketa erreala egiten denean, doituko da kontsumoaren fakturazioa.

Ohiko egoeran, udal langileek inprimakiak uzten dituzte irakurketa egin ezin izan den etxebizitzetako postontzietan. Inprimaki hauetan irakurketak jakinarazteko telefonoa eta posta elektronikoaren helbidea adierazten dira. Konfinamenduaren ondorioz, baina, herritar gehiagori eragingo dio neurri honek, eta, horren ondorioz, herritarrei eskatzen zaie datozen asteotan postontzian begiratzeko.