Berriak
Atzealdea

Urbieta kalea oinezko bihurtzeko obra: herritarrek kalea berreskuratzeko urratsa

Urbieta kalean -Izpizua kaletik Elkanora doan zatian- zenbait eskuhartze egiteko lanak abian daude. Horien helburua da herritarrek espazio publikoa berreskuratzea eta, horregatik, ibilgailuen igaroa ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartuko dira, oinezkoek lehentasuna izan dezaten. Erdiguneko kale hori elkartzeko gune bezala indartuko da obra honen ondorioz. Martxora arte iraungo dute. Eskuhartze "arinak" izango direnez, behar izanez gero, behar berrietara egokitzeko modua egongo da.

2021·12·21


  • Interbentzio gune nagusia: Urbieta kalea, Izpizua kaletik Elkano kalerainoko zatia. Horretaz gain, Biteri eta Elkano kaleetan ere eragina izango du. Urbieta kalearen zati hau oinezkoentzako egokitzeko egin behar den berrantolaketak inguruko kaleetako ibilgailuen mugikortasunean du eragina, esaterako, aldi baterako aparkalekua, zamalanetako guneak, taxien geraleku berria.
  • Lanen iraupena: 2022ko martxora arte
  • Aurrekontua: 154.069,09 euro

2019an, Urbieta kalearen berrantolaketaren proiektua garatzeko parte-hartze prozesu bat egin zen eskuhartze honen eragina jasoko zuten eragile nagusiekin. Hala, bertako bizilagun eta merkatariekin, taxi gidariekin, baita herriko jaietan espazio hau programatzen duten kultur taldeekin ere.

Saio hauetan eragile hauek haien jarduna burutzeko dituzten beharrak antzematearekin batera, trantsizio honetan jarduera, desio eta behar ezberdinen arteko elkarbizitza garatzeko irizpideak ere zehaztu ziren. Nabarmentzekoa da egiten ari den interbentzioa “arina” dela, hau da, obra honetan ez da egiturazko aldaketa handirik egingo eta, hortaz, hala erabakitzen bada, etorkizunean egokitzapenak egiteko erraza da.

Urbieta kalea herriko erdigunean kokatzen da. Ardatz garrantzitsua da herriko egituraren antolamenduari dagokionez, herriko bizitzaren erdigune den hirigune historikoa eta garraio publikoko gune intermodala eta ekipamendu gune den Atsegindegi eremua lotzen baititu.
Atsegindegin daude, besteak beste, bi autobus zerbitzuren geltoki nagusiak, taxi geralekua, plaza estalia, kiroldegia eta anbulategia. Beste aldean, Kaxkoan, herriko merkataritza-gune eta herritarren elkargune nagusi diren plaza eta kaleak. Urbieta kaleak, ondorioz, izaera egituratzailea hartzen du eta, horregatik, sortu nahi da herritarren aisialdi, harreman eta elkarbizitzarako eremu bat.

4 EREMU

Eremuen diseinua egiteko garaian, eguzki eta itzalen ordutegiak, aire korronteak, ibilbide naturalak eta kalean antolatuko diren kultur ekitaldiak aintzat hartu dira. Lau eremu bereizi dira.

-A eremua (Biteri eta Elkano kaleen arteko zatia): egonaldira eta elkartzera bideratutako eremua da eta, horregatik, altzariak eta mahaiak elkarri begira egoteko moduan sortuko dira eta kiosko eremuan irakurtzeko mahaiak kokatuko dira. Gainera, zati honetan, Biteritik datozen ibilgailuei irteera utzi behar zaienez, muga bat eratuko da altzariekin beraiekin, egoteko gunea babestuko duena.

-B eremua (Izpizua eta Biteri artekoa): espazio zabal librea duen eremua. Altzariak zuhaitz tarteetan kokatuko dira espazio zabalago bat sortzeko. Izan ere, bertan antolatzen dira kultur ekitaldiak (oholtza behar duten kontzertuak, plaza dantzak, azokak,…) eta beharrezkoa da eremu zabala bermatzea. Bide batez, espaloi aldera jarriko diren altzari hauek (besaulkiak/mahaiak...) bertako saltokiei ere zerbitzu emango die.

-D eremua (Urbieta kalea Kaxkoarekin lotzen den eremua): oinezko eremuko espazio publiko berria egituratuko da eta lurreko margoketak eta kale-altzariak hedatuko dira Kaxkoruntz, espazio publikoaren jarraitasuna emateko asmoz. Gainera, altzariak ere ipiniko dira, ibilgailu motordunei ibilbidea apur bat aldarazi eta abiadura motel dezaten.

-E eremua (Urbieta kalea Atsegindegirekin lotzen den eremua): kaleen bidegurutzea da eta ibilgailuen fluxua oso konplexua du. Hori dela eta, erabat oinezko izaera baino oinezkoek lehentasuna duen espazioa izatea bilatuko da. Horretarako zenbait neurri hartuko dira: batetik, Urbieta kalearen norabideko zebrabidea handituko da eta, bestetik, Elkano kalearen norabidean, Urbieta kalea zeharkatzen duen eremuan, errepidearen gunea espaloiaren mailara altxa eta espaloi jarrai bezala proiektatuko da. Era berean, Urbietako marrazketek ere bidegurutzea bere baitan hartuko dute, oinezkoen lehentasun hau are eta gehiago azpimarratzeko.

Bidegorria

Herriko bidegorri sarearen baitan, Urbietan kaleak barne hartuko du txirrindularien bidea.

Ibilgailuen igarotzea eta sarbidea

Eremua oinezko bihurtzearen baitan, ibilgailuen igaroa ahal den gehien mugatuko da eta pasa daitezkeen guneetan abiadura ahalik eta murritzena izango da (10 km orduko).

- Kalean bi izaera bereiziko dira: Izpizua eta Biteri arteko zatia, erabat oinezkoa. Biteri eta Elkano artekoa ere oinezkoa izango den arren, Biteri kaleko aparkalekuetatik irtengo diren ibiligailuak pasa ahalko dira.

- Kaleak bere osotasunean ibilgailuz zeharkatzeko modua izango du (garbiketa kamioiak, larrialdi zerbitzuak,...), nahiz eta sarrera mugatua izango den.

- Sarbidearen kontrolerako ken daiteken pibote bat ipiniko da Izpizuatik Urbietarako sarreran.

- Bizilagunek autoz bertara sartzeko aukera izango dute, udaletxean baimena eskatuta soilik.

- Zamalanetan dabiltzan ibilgailu baimenduek Urbietara sartzeko aukera izango dute Biteri kaletik.

Zamalanak

A eremuan (Biteri eta Elkano kaleen arteko zatia) eremu markatua izango dute. Biteri kaletik behera sartu ahalko dute, ezarritako ordutegiaren barruan. Bost aparkaleku jarriko dira bertako merkataritza jarduetarako zamalanak egin ahal izateko. Biteri kultur etxearen parean, iparraldeko espaloiaren aldean, kokatuko dira.

Aparkalekuak

-Egunez zamalanetarako gordetako aparkaleku horiek bizilagunentzako aparkalekuak izango dira gauez.

- Merkataritza jardueretatik eskura dagoen inguruan (Biteri kaleko beheren dagoen eremuan) aldi baterako errotaziozko aparkalekuak (15’) jarriko dira.

-Biteri kalean, egun bertakoentzat erreserbatutako aparkalekuak gune urdin bihurtuko dira eta ordu bateko aparkaleku rotazional bihurtuko dira merkataritza jarduera sustatzeko asmoz. Merkataritza orduetatik kanpo, bizilagunentzat erreserbatuko dira.

Taxien eta autobusen geralekuak

-Elkano kalera lekualdatuko da taxien geralekua, autobus geltokiaren parean, beste espaloiaren aldera. 10 taxientzako lekua egongo da.

-Bezeroen taxien eskubiko aldetik segurtasunez sartu ahal izateko 0,90 metroko espazio bat gordeko da. Gainera, irisgarritasuna bermatzeko espaloiaren maila berean dagoen plataforma bat eraikiko da.

-Autobusen geralekuaren pareko plataforma kendu eta espaloia metro bat zabalduko da.

Kultur ekintzak

Urbieta kaleak -B eremuak, zehazki- kultur jarduerak jasotzen ditu egun. Herriko jaietan ekintza batzuk antolatzen dira eta urtean zehar azokak ere egiten dira bertan. Ekintza horien espazio beharrak aintzat hartuta egingo dira eskuhartzeak eremu horretan. Izan ere, kale altzariak iparraldeko espaloiaren luzeran kokatuko dira eta, horrela, espazio librea geldituko da 6x6 metroko agertokia ipini ahal izateko. Eremu zabal horrek, bestalde, azoka postuak jartzeko bide emango du.

Argindar-hartuneak ere jarriko dira bertan, kultur ekintza hauen antolatzaileek balibideak eskura izan ditzaten.

Egun antolatzen diren ekintza horietaz gain, kale ekimen berriak hartzeko potentzialitatea areagotuko da eskuhartze honi esker. Izan ere, kale altzariak grada moduan diseinatu dira (hiru grada multzo), formatu txikiko jarduerak egiteko antzoki txiki bat sortuz.

TXOSTEN OSOA