Berriak

Atzealdea Urriaren 5etik 16ra, 26 pintxo dastatzeko aukera Bakailao Astean

Herritarren eta epaimahaiaren sariak urriaren 17an banatuko dira, Topa! Sagardo Egun berezian

2026·09·25


14. Bakailao Astea iristear da, Udalak eta Berriak elkarteak antolatuta. Urriaren 2an hasiko da aurtengo edizioa, epaimahai profesionalaren dastaketarekin. Ondoren, herritarrek pintxoak probatzeko aukera izango dute urriaren 5etik 17ra. 

Gaur aurkeztu dute Bakailao Astea Patxi Ibarguren Tokiko Garapen zinegotziak, Berriak elkarteko lehendakari Nagore Alvarezek eta tabernen ordezkari David Estevezek; HENASEko Oihana Aristegik eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaile den Olatz Mitxelenak Santa Barbara elkartean, hantxe hasiko baita Bakailao Astea, pintxo-dastaketarekin. Bertan izan da Miren Lukas ere, epaimahai profesionalaren ordezkari. 

Aritz Ansola (Sansonategi jatetxea), Miren Lukas (Oa gozotegia), Eider Mendiola (Iturralde jatetxea) eta Aitzol Zugasti (aholkulari gastronomikoa) izango dira aurtengo Bakailao Asterako Hernaniko tabernek eta jatetxeek prestatu dituzten proposamenak dastatuko dituzten lehendabizikoak. Aurten, Santa Barbara elkartean egingo dute dastaketa. Hala ere, epaimahaiaren ustez pintxo irabazlea ez da ezagutuko Bakailao Astea bukatu arte. 

26 taberna eta jatetxeren proposamenak

Esan bezala, herritarrek urriaren 5etik 16ra izango dute tabernek eta jatetxeek bakailaoa osagai nagusi eta abiapuntu hartuta sortu dituzten pintxo-proposamenak dastatzeko aukera. 

Pintxo bakoitzaren prezioa 2,5 € izango da. Herritarrek pintxo gustukoena bozkatzeko aukera izango dute tabernetan egongo diren kutxetan (urriaren 15a arte) edo online (urriaren 16 arte). Berriak-etik online parte hartzera animatu dute, "erosotasunarengatik eta horrela, pintxoak dastatzeko egun bat gehiago dagoelako". Xehetasun guztiak biltzen dituen liburuxka ere tabernetan topatu ahal izango da. 

Aurten, 26 jatetxe eta tabernak parte hartuko dute Bakailao Astean: Aieko kafetegia; Andrekale 21; Apeadero taberna; Aralar taberna; Atxur taberna; Café Arri; Dori kafe&poteo; Errioguarda jatetxea; Garin taberna; Goiz Argi; Goiz Eguzki; Gunea; Guria; Harresi; Horbel; Joxemari taberna; Karrero; Kixkal; Latxunbe jatetxea; Rioja; Tamer; Tripontzi; Txili; Txoko; Zinkoenea eta Zumardi jatetxea dira. 

Kopurua aurreko urteetako antzekoa da. Honek adierazten du herriko ostalaritza establezimenduek Bakailao Astearekiko duten konpromisoa eta atxikimendua. Non dago Pil-Pil? jolasa ere martxan egongo da herriko establezimenduetan eta urriaren 16an, kale animazioa izango da. 

Urriaren 17an jakingo da zeintzuk diren aurtengo edizioko pintxo irabazleak, bai epaimahai profesionalaren iritziz eta baita herritarren gustukoenak ere. 

Topa! Sagardo Eguna eta bertako produktuen azoka, nobedadeak

Aurten ekimen bereziak ere izango dira Bakailao Astearen baitan. Honela, urriaren 2an bertako produktuen azoka izango da Plaza Berrian, HENASErekin batera antolatuta. Denetariko produktuak eskainiko dituzten 17 postu egongo dia: esnekiak; barazkiak; pasta; artisautza; ogia; glutenik gabeko produktuak; frutak; haragia...

Horrez gain, Bakailao Asteari bukaera emateko pintxoak eta sagardoa uztartuko dituen Sagardo Eguna antolatu dute Udalak, Berriak-ek eta Euskal Sagardoak urriaren 17rako. Topa! Sagardo Eguna Plaza Berrian egingo da. Hernaniko sagardotegi eta tabernek bikoteak osatuko dituzte eta bakailaoa abiapuntu hartuta, propio Sagardo Egunerako prestatutako pintxo bereziak eskainiko dituzte. Parte hartuko duten sagardotegiak Alberro, Altzueta, Goiko Lastola, Iparragirre, Itxas-buru, Olaizola, Rufino eta Zelaia izango dira eta tabernak, Andrekale 21, Aralar, Guria, Harresi, Kixkal eta Tripontzi. 

8 € ordainduta, sagardo dastaketa egingo da (edalontzia itzulita, 2 € bueltatuko dira). Pintxo bakoitzaren prezioa, berriz, 2,5 € izango da, baina 12 € ordainduta, sei pintxo jateko aukera izango da. Sagardo Egun honek "bizilagunen ongizatea, ongizate ekonomikoa eta identitatea" uztartuko ditu. Sagardo eta pintxo dastaketa hau girotzen Eneko eta Oritz trikitilariak eta Arbasoak musika taldea ariko dira. 

Eguerdi horretan, Bakailao Asteko sariak banatuko dira eta, horrenbestez, 14. edizioa bukatuko da. 

EGITARAUA:

Urriak 2, ostirala:

10:00-14:00: Bertako produktuen azoka (Plaza Berria. Euriarekin, Atsegindegi)

10:30: Lehiaketa epaimahai profesionalarekin (Santa Barbara elkartea). 

Urriak 5-16:

- Tabernen artek bakailao pintxo lehiaketa herrikoia. 

- Non dago Pil-Pil? Gure laguna hiru komertziotan topatzen duenak saria jasoko du. 

Urriak 6, 8, 13 eta 15:

Pil-Pil kalean. Bakailao Asteko maskota kalean ibiliko da saltsan! Pil-Pilekin argazki bat atera eta 676 194 803 zenbakira bidaltzen duenak produktu sorta baten zozketan parte hartuko du. 

Urriak 16, ostirala:

19:00: EuskOrleans Dixie Band (Zinkoenea tabernatik hasita).

Urriak 17, larunbata:

11:30-14:30: TOPA! Hernani. Sagardo Eguna: Sagardo dastaketa herriko tabernen pintxo bereziekin (Plaza Berria; euriarekin, Atsegindegi). 

12:00: Bakailao Asteko sari banaketa (Plaza Berria; euriarekin, Atsegindegi).