Berriak
Atzealdea

Urumea bailarako Gipuzkoako aldea hondamendi-gune izendapena jasotzeko eskaera lantzeko bilera eskatu diote Foru Aldundiari Ereñotzu, Hernani eta Urnietako alkateek

2023·05·23


Joan zen maiatzaren 19tik 20rako gauean euri jasa handiak izan ziren Urumea bailaran eta kalte handiak sortu zituen, Nafarroan ez ezik, Gipuzkoako lurraldean ere. Ereñotzu eta Pagoaga inguruan, esaterako, euri-jasek zenbait errepide, mendi-bide eta baserritan kalte larriak eragin zituzten. Lur-eremu horiek Ereinotzu, Hernani eta Urnieta toki-erakundeen ardurapekoak dira.

Atzo, maiatzak 22, hiru erakunde horietako alkateak elkartu ziren Nafarroako Goizuetako eta Aranoko alkateekin bailara osoko jarduera bateratuak adosteko asmoz. Bilera horretan, Gipuzkoako hiru alkateek -Unai Erroitzenea (Ereñotzu), Xabier Lertxundi (Hernani) eta Jorge Segurado (Urnieta)- jakin zuten Nafarroako Gobernuak, kalteak jasan dituzten udalen eskaria aintzat hartuta, Espainiako Gobernuari eskaera egingo diola eremu horri hondamendi-gune izendapena emateko. Izan ere, hondamendi-gune izendapena jasotzeak baditu ondorioak, hala nola, etxebizitzetan, komertzioetan, enpresetan, udal azpiegituretan edota basoetan jasandako kalteei aurre egiteko dirulaguntzak jasotzeko eskubidea.

Ereñotzu, Hernani eta Urnietako alkateek kalteak jasan dituen Gipuzkoako eremurako eskaera hori bera egitea beharrezkoa ikusten dute. Eskaera bateratua bideratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri dira eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuari eskatu diote premiazko bilera bat, hain zuzen ere, Espainiako Gobernuari egin beharreko eskaera elkarrekin lantzeko.