Berriak

Atzealdea Urumea bailarako lau herriek ‘portaera arduratsua’ eskatu diete udan erreka ingurura datozen bisitariei

Udan hezitzaileak ibiliko dira Hernani eta Goizueta artean

2025·06·13


Urumea bailarako lau herriek -Arano, Ereñotzu, Goizueta eta Hernani- ongi dakigu ibai eta inguru ederra daukagula eta jende askok preziatzen duela. Eremu natural hau aisialdi eremu garrantzitsu bihurtzen da batez ere uda garaian, baina bertan ikusten diren jokabideak batzuetan ez dira egokienak izaten.

Lau herriok argi dugu: bisitariak ongietorriak dira Urumearen bailaran eta erreka ertzetan, gure ingurua eta natura errespetatu eta zaintzen den bitartean. Hori dela eta, mezu argia dugu zabaltzeko Arano, Ereñotzu, Goizueta eta Hernaniko udaletatik: erabili Urumea ibaia, natura errespetatuz. Badakigu aisialdi eredua aldatu da pandemiaz geroztik, baina horrek ezin du naturan kalterik eragin.

2013an hasi zen lau herrion arteko elkarlana errekaren inguruan. “Urumeak zeharkatzen du gure bailara, eta Urumeak elkartzen gaitu. Gure nortasunaren parte da ibaia eta harro gaude. Nahi dugu partekatu, baina errespetatzea nahi dugu. Bisitan datozenei, gure paraje ederrak erakutsi, baina guk bezala, parajea zaintzeko eskatu nahi diegu”.

Portaera egokiak “oso sinpleak” dira

Portaera arduratsuak” sustatzeko sentsibilizazio kanpaina prestatu dugu lau herriok. Hori horrela izanik, ekaianren 28tik irailaren 21era hiru hezitzaile ibiliko dira Urumea ibaiaren inguruan dauden bisitariei portaera egokien inguruko informazioa ematen.

Horretarako, jokaera egokiak eta arauak jasotzen dituen eskuorria banatuko dute. Eskuorri honek, gainera, izango du berezitasunik. Izan ere, kotoizkoa izango da eta haziak ditu. Beraz, etxera eraman eta landatzeko aukera emango du.

Urumea ibaiaren inguruan eskatzen ditugun portaera egokiak “oso sinpleak” direla gogora ekarri nahi dugu Arano, Ereñotzu, Goizueta eta Hernaniko udalok: “Bertakoak eta gainontzeko bisitariak errespetatu; Urumea ibaiko biodibertsitatea zaindu; ez dadila nabaritu bertan izan zarenik -surik ez egin, sortzen dituzun hondakinak zurekin eraman eta ez akanpatu-; utzi lasai animaliak eta zaindu landareak; eta ondare kulturalarekin arduratsua izan”. Arau horiek “errespetatzeko” deia egiten dugu Urumea bailarako lau udalok.

Portaera arduratsu horiek biltzen dituzten panelak ere badaude bailarako hainbat gunetan.

Ugaldetxo aisialdi gunea, ekainaren 28tik irekita

Hernanitik Goizuetara, Urumea bailaran aisialdirako eremu ugari daude. Horietako bat da Ugaldetxoko aisialdi gunea. Aurten ere gune hori bisitarientzako prestatuta egongo da eta ekainaren 28tik irailaren 21era, eta erreserba bidez bertaratu ahal izango da autoz.

Oinez, bizikletan edo garraio publikoan bertaratzeko ez da erreserbarik beharko. Erreserbak ekainaren 25etik aurrera egin ahal izango dira www.hernani.eus web orrian.

Edukiontzirik ez Fagollagan eta Ugaldetxon

Arano, Ereñotzu, Goizueta eta Hernaniko udalok bisitari bakoitza sortzen dituen hondakinen arduradun bakarra bera dela azpimarratu nahi dugu. Bakoitzak berarekin eraman behar du etxera sortzen dituen hondakinak.

Duela urte batzuk Arano eta Goizuetako eremuetan hartu zen erabakia jarraituz, aurten, Fagollagan eta Ugaldetxon edukiontziak ez dira jarriko (Ugaldetxoko aisialdi eremu barruan egongo da hondakinak gaika sailkatzeko aukera), “maiz zabortegi bihurtzen” zirelako eremu horiek.

Esaterako, Fagollagan egoteko eremu bihurtuko da orain arte edukiontziak jartzeko erabiltzen zen gunea.