Berriak
Atzealdea

Urumea ibaia aisialdirako erabilera neurrigabea jasaten ari da eta horrek kalte izugarriak sortzen ditu naturgune babestu batean

Hernaniko Udaleko, Ereñotzuko eta Foru Aldundiko ordezkariak batu dira gaur Urumeako erabilera masiboa eta okerrak sortzen dituen kalteak salatzeko eta hurbiltzen diren herritarrei arauak errespetatzeko eta arduraz jokatzeko eskatu diete.

2020·09·11


Urumea ibaia Europako naturgune babestuen sarean dago, biodibertsitateaten babesa helburu duen Europar Batasuneko Natura 2000 sarearen barruan, alegia. Gipuzkoan ere balio handiko ingurunea da, fauna eta florari dagokienez.

Hernaniko udalerrian Urumea ibaiaren 11 bat kilometro igarotzen dira. Udan, bereziki, aisialdirako gune bihurtu ohi da ingurune hori, baina aurtengo udan erabilera masiboa bihurtu da eta horrek razoak nabarmen larritu ditu babestutako gune honetan.

Hernaniko Udala, Ereñotzuko auzo-udala eta Foru Aldundia ingurune honen kudeaketan parte-hartzen duten hiru erakunde nagusiak dira eta gaur hiru erakunde horietako ordezkariek kezka azaldu dute erabilera masibo eta oker hori Urumean sortzen ari den kalteengatik. Urumeak duen balio naturala gogorarazi dute eta errespetuz eta arduraz jokatzea eskatu diete hurbiltzen direnei.

“Udaro ohikoa izaten da jendea pilatzea Urumearen inguruan. Baina aurtengo udan, pandemiaren ondorioz edo, inoiz baino jende gehiago etortzen ari da eta, arazo larriak sortzen ari dira. Erabilera gehiegizkoa izaten ari da eta ingurunearekiko eta auzokideekiko errespetu falta izugarriak ikusten ari gara”, salatu du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak.

Erabilera masibo honek arazo ugari sortzen ditu: trafikoa, hondakinak, suak, txakurrak eta zarata dira horietako batzuk.

Hondakinei dagokionez, Hernaniko Udalak udan indartzen du hondakinak biltzeko zerbitzua eta ontziak jartzen ditu, “baina askok eta askok bide bazterretan non-nahi uzten dituzte poltsak, mantak, aulkiak... Eta, okerrena, ibaiaren ertzean bertan ere zikinkeria egoten da, asteburuetan bereziki”, erantsi du Lertxundik. Ontzietan utzitako hondakinak jasotzen dira egunero baina lekuz kanpo uzten direnak ez direla jasotzen errazak azaldu du alkateak.

“Askotan, ibaiaren inguruan pilatzen dira eta euria egiten duenean, ibaiaren emariak eramaten du zabor guztia, horrek naturari dakarkion kaltearekin”, gehitu du Unai Erroitzenea Ereñotzuko auzo-alkateak. Horretaz gain, hondakinen kopurua nabarmen handitzen da Ereñotzun bertan, “asteburuetan auzo-udalaren paperontziak gainezka egin arte”, gehitu du.

Trafikoa da aisialdi masibo honek sortzen duen beste arazo larri bat. Aparkaleku batzuk egokitu dira bide bazterrean, baina horiek betetzen direnean, errepide osoan aparkatzen dituzte kotxeak. “Edozein lekutan, eremu pribatuetan, bide-gurutzetan… batzuei ez die inporta baserrietako sarbideak oztopatzen ari diren, auzokideen segurtasuna arriskuan jartzen ari diren… Errepide estua da eta txirrindularien ohiko ibilbidea. Eta jokaera horiek egoera arriskutsuak sortzen dituzte”, ohartarazi du Erroitzeneak.

Zarata da aisialdi eredu honen beste albo kalteetako bat: batzuk bozgorailu handiekin etortzen dira -gauez ere bai- eta bertako bizilagunentzat, faunarentzat eta ganaduarentzat ez da bat ere atsegina”, salatu du Ereñotzuko auzo-alkateak.

Txakurrak aske uztea debekatuta dagoela gogorarazi dute Foru Aldundiko ordezkariek, baina hala ere, etengabe ikusten dira txakurrak lotu gabe. “Errekan sartzen dira, harriak mugitzen dituzte, bertako ekosisteman kaltea eragiten dute”, argitu du Inma Lizaso Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko zerbitzuko teknikariak. Horrekin batera, bertako baserrietako ganaduarentzat ere eragozpenak sortzen dituzte txakur askeek.

Bestalde, sua egitea debekatuta egon arren, asteburuero mordoxka bat antzeman izan dituzte basozainek. “Sua egitea oso kaltegarria da. Suteak eragiteko arriskuaz gain, “ibaiaren harriak lekuz aldatzen direlako, zuhaitzetako adarrak kentzen direlako, eta paisaian ere kaltea egiten dutelako”, azaldu du Lizasok.

Hiru erakundeetako ordezkariek bat egin dute herritarrei errespetua eskatzeko deiarekin. “Isunak eta espediente batzuk ireki ditugu, sua pizteagatik eta hondakinak uzteagatik, batez ere, baina helburua ez da isun asko jartzea, gizartean kontzientziazioa landu nahi dugu, arduraz jokatzeko deia egin nahi dugu”. Amaitzear dagoen uda honetan gertatzen ari den egoera datorren urtean ez errepikatzeko elkarlana sustatuko dutela jakinarazi dute. “Udala, auzo-udala eta Foru Aldundia elkarlanean aritu gara uda honetan, eta hemendik aurrera elkarlana hori indartu nahi dugu, erabilera hauek kontrolatzeko eta murrizkteko”. Oraindik ez dago neurri zehatzik, baina arauak betetzen direla bermatzeko kontrolak zorroztea eta aforoa murriztea dira aurreratu dituzten neurrietako batzuk.