Berriak

Atzealdea Urumea ikastolak, Alberdania argitaletxeak eta Hernaniko Udalak ‘Sorbeltzak’ proiektua aurkeztu dute, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunean

Proiektuak migrazioa eta ingurumena uztarzten ditu, sorbeltzen bidaia naturala abiapuntu hartuta

2026·05·21


Gaur, maiatzak 21, Kultur Aniztasunaren Naziorteko Eguna dela baliatuz, Sorbeltzak proiektua aurkeztu dute Urumea ikastolak, Alberdania argitaletxeak eta Hernaniko Udalak. Elkarlan honi esker, kulturartekotasuna eta natura lotzen dituen ipuina eta ikasgeletan lantzeko materiala argitaratuko dira 2026/2027 ikasturte berria hastearekin batera.

Proiektuaren jatorria Urumea ikastolan dago: bertan Xor eta Beltz: mundu bat guztiontzat ipuina sortu dute eta Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleekin horri loturiko material didaktikoa landu ikasturtean zehar. Ipuinak migrazioen gaia eta ingurumena lotzen ditu, sorbeltzek (hegazti mota bat) urtero egiten dute migrazio-bidaia adibide gisa hartuta. Hegazti hauen bidaiak eta biziraupenerako beharrak migrazioen errealitatea eta kultur aniztasuna modu natural eta hurbilean ulertzeko balio izan die ikasleei.

Urumea ikastolako irakasle diren Maialen Diaz de Cerio eta Ane Aierberekin batera, Iñaki Sanz Azkue biologoa aritu da edukia sortzen. Lana osatzeko, Alberdania argitaletxearen eta Parean elkartearen aholkularitza jaso dute.

Hernaniko ikastetxe guztietara zabalduko den tresna

Hernaniko Udaleko Kulturartekotasuna sailak balio handia eman dio Urumea ikastolan egindako lanari. Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziaren iritziz, "ezinbestekoa eta estrategikoa da horrelako gaiak herriko ikastetxe guztietan lantzea umetatik", elkarbizitza eta aniztasunaren garrantzia gelaz gela sustatzeko. 

Proiektu honek, gainera, ibilbidea egingo du Hernanitik kanpo ere. Izan ere, Alberdania argitaletxeak argitaratuko du datorren irailean, eta horri esker, materiala Euskal Herri osora zabalduko da. Liburuan bertan ikas-egoerak eskuragarri egongo dira QR baten bidez eta, Hernaniko Udalari esker, datorren ikasturtean Hernaniko ikastetxe guztietako LH2ko ikasleek jasoko dute material didaktiko hau eskura, euren geletan lantzeko aukera izan dezaten.