Berriak
Atzealdea

Urumea Ikastolako eraikin zaharreko aparkalekua gaur iluntzean zabalduko da

Urumea Ikastolako eraispena eta aparkalekua atontzeko lanak amaitu dira. Hori dela eta, aparkalekua berriro ireki da: gaur iluntzean kenduko dira hesiak. Asfaltoa botata, eta aparkalekuak markatuta, beraz, berriz ere erabili ahalko da eremu hori. Pintaketa lanen bat edo beste falta dira baina, zorua lehorra egon arte itxaron beharko dute langileek. Mugarriak datozen asteotan ipiniko dituzte.

2023·06·21


Aparkalekua irekitzearekin batera, Gudarien plazan behin-behinean sortutako aparkalekua desagertuko da. Hortaz, ordutegiak eta arauak lehengora itzuliko dira eta soilik zamalanetarako aparkatu ahalko da goizez. Arratsaldez, beraz, ezingo da ibilgailurik sartu, ohikoa zen moduan.

Edonola ere, normaltasunera itzultzeko parentesi bat egongo da. Izan ere, datozen egunotan, sanjoanak direla eta, plaza hori ekitaldiz eta jendez beteko da eta zamalanak ere ezingo dira egin 27ra arte. Hortaz, 28an itzuliko da plaza lehengo modura.

Gogoratzekoa da 2011n onartutako HAPOn (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) aurreikusten dela Urumeako espazio horretan plaza bat eta lur-azpiko aparkaleku bat eraikitzea. Publikoa eta errotaziozkoa izatea erabaki zuen Udal Gobernuak eta garapen hori bideratzeko 1,4 milioi euroko partida bat erreserbatuta dago. Eremu horrekin batera, Izpizuatik Atsegindegira doan eremua ere garatuko da (Ezkiaga Pasealekua barne).