Berriak

Atzealdea Urumea inguruan jasotako hondakinen inguruko sentsibilizazio kanpaina, Fagollagan

Gaurtik abuztuaren 10era, inguru horretan jasotzen diren hondakin guztiak pilatuko dira

2026·07·30


Fagollagako aparkalekura heltzen denak, handitzen doan hondakin meta batekin egingo du topo gaurtik aurrera. Izan ere, gaur hasi eta abuztuaren 10a arte, jendeak Urumea inguruan uzten dituen hondakinak ikusarazi eta haien jokabidean eragiteko sentsibilizazio kanpaina egongo da martxan, Hernaniko eta Ereñotzuko udalek elkarlanean sustatuta. 

Horretarako, hesitura bat jarri da. Urumea inguruan udan lanean aritzen diren hezitzaileek bertan sartuko dituzte Urumeako natura-eremuetan jaso dituzten hondakinak: bide, baso, bazter eta erreka inguruetan jendeak utzitakoak. Egunero, pila horretan gehituko dute biltzen dituzten hondakinak. 

Sentsibilizazio kanpaina honen helburua herritarrengan natura-eremuan uzten dituzten hondakinen inguruko kontzientzia piztea da eta norbera bere hondakinen arduraduna dela gogoraraztea. 

Urumeako natur-eremuaz gozatzen jarratu nahi badugu, ezinbestekoa da sortzen dugun hondakinekin arduratsuak izatea eta naturarekin errespetuz jokatzea, ez dadin hondakinik bertara iritsi.