Berriak
Atzealdea

Uztailean aisialdia herrian eta aire librean igarotzeko udalekuak eskainiko ditu Udalak aurten ere

Uda sasoian eskaintzen diren udako bi programak antolatzen ari da Udala: Udaleku Irekiak eta Kirol Udalekuak. Izan ere, udaleku horiei esker, herriko haurrek euskaraz eta berdintasunean jolastu eta herriaz gozatzeko aukera izango dute uztailean. Ekintzak aire librean burutuko dira.

2023·04·19


Udaleku Irekiak 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat dira eta Kirol Udalekuak 11 eta 12 urte bitartekoentzat. Iaz bezala, izena emateko bide bakarra egongo da: online. Eta epea maiatzaren 2an zabalduko da eta maiatzaren 14an amaituko. Epez kanpoko izen-emateekin itxaron-zerrenda osatuko da.

Hernaniko Udalak programa informatiko bera erabiltzen du Gazteria, Kirol eta Kultura zerbitzuak online eskaintzeko. Horregatik, aurreko urtean udalekuetan izena online eman zutenak edota kiroldegiko bazkide edo kulturako ikastaroetako erabiltzaile direnak udalekuetan izena emateko programan identifikatuak daude.

Online izena emateak 3 pauso nagusi ditu (beheko bideo tutoriala ikusi):

1.-Identifikatzea: Haurraren guraso edo tutorearen identifikazioa egiten da. Datu pertsonalen eta ekonomikoen atalak betetzen dira.

2.-Erlazionatutako pertsonen alta: haurraren atala osatzen da.

3.-Ikastaroan izena ematea: udalekuan izena ematen da.

Izena emateko lotura

Aurrez aurreko arreta

Izen-ematea online egiteko moldatzen ez direnentzat Udaleko Haur eta Gazteria Arloak arreta eskainiko du bere bulegoan, bai telefonoz eta bai aurrez aurre. Lekua: Aristizabal kalea 7.

Telefonoa: 943 337041, Ordutegia: 16:00etatik 19:00etara.

• Udaleku Irekiak ekainaren 29an hasi eta uztailaren 21ean amaituko dira. Aurten 102,00 €-ko prezioa izango du.

• Kirol Udalekuak uztailaren 3tik 21era izango dira. Aurten 100,95 €-ko prezioa izango du.

• Bi udalekuek aurreko urteetako ordutegia izango dute: 9:30-13:00.

• Matrikularen kobraketa inskripzioan adierazitako kontu korrontetik egingo da, ekainean.

• Matrikularen tasaren salbuespena eta murrizketa eska daiteke Haur eta Gazteria bulegoan. Horretarako dagokion eskaera berezia aurkeztu behar da izen-emate aldian. 

• Behin izen-emateko epea amaituta baja eman nahi izanez gero, baja eskaerak idatziz aurkeztu behar dira, eta horiek onetsi edo ezetsi egingo dira. Baja noiz eman den kontuan hartuko da matrikula kobratzerako orduan:

1. Ekainaren 1etik 15 arte eman bada baja, matrikularen %10 kobratuko da.

2. Ekainaren 16tik aurrera eman bada baja, matrikula osoa kobratuko da.

BIDEO TUTORIALA. Nola eman izena?

 

Udaleku irekien eskuorria

Kirol udalekuen eskuorria