Berriak
2024·07·05
Sanjoan jaietako biharamunak pasatuta, Udalak eta Jai Batzordeak aurtengo festen balorazioa egin dute. Nahiz eta eguraldiak ez duen gehiegi lagundu -festen hasierako txupinazoa eta bukaerako bandera jaitsiera euritan izan ziren-, “giro oso ona izan da”, azpimarratu dute.
Aurten antolatu diren kontzertuen artean, jendetsuenak Puro Relajo (ekainaren 24an Atsegindegin) eta Zetak (ekainaren 26an Gudarien Plazan) izan dira. Bietan, plazak beteta eta jendea oso gustura ibili zen.
Ekintza berriak, arrakastatsuak
Ekimen berrien arrakasta ere azpimarratzeko da. Aurten, Herburu buruhandi eta erraldoien konpartsak kale-buelta eman ondoren udaletxera sartzeko Segi bihar dantzan kanta sortu eta estreinatu du. Bi aste aski izan dira herritarren artean kanta ezagutzeko: jendeak kantuan lagunduta sartu dira udaletxera aldiro buruhandi eta erraldoiak.
Eskuzko pilota partida profesionala antolatu du lehen aldiz Txirri Elkarteak eta arrakasta izugarria izan du. Sarrerak jaien aurretik bukatu ziren eta elkarteak hurrengo urteetan ere partida “antolatzen segitzeko borondatea” erakutsi du.
Jai Batzordeko eta Udaleko ordezkariek ekintzen eta antolakuntzaren inguruko hausnarketak eta proposamen gehiago ere egin dituzte, hernaniar guztiek gozatzeko moduko festak egiten jarraitzeko.