Xabier Lertxundi: “Hernaniarren ongizate maila hobetzeko egitasmoak bilduko ditugu datozen lau urtetarako Gobernu planean”
2023·09·14
Xabier Lertxundi alkateak, hiru alkateordeek lagunduta, azpimarratu du plan horretan jasoko diren egitasmoen helburua "hernaniarren bizi-kalitatea hobetzea" dela, eta, era berean, Gobernuaren jardunerako "iparrorratz" gisa erabiliko dutela.
Itsaso Lekuona alkateordeak, bere aldetik, aste hauetan aurkeztu diren proiektuak aipatu ditu, "Gobernu berri hau ez baita hutsetik abiatzen". Lekuonak azaldu duenez, “Ekainean Udal Gobernua eratu zenetik, 2023-2027 gobernu-programa osatzeko lanean ari gara. Baina bitartean Hernani gobernatzen jarraitu dugu, beti bezala, herritarren interesen mesedetan”.
“Lehendik zetozen egitasmoak gauzatzen aritu gara”. Horren adibide dira Mañe i Flaquer plaza eraberritzearen hasiera; Zikuñaga eta Elizatxoko haur-parkeak berritzea; ikastetxeetan egin diren eraberritze lanak edota Ostalaritzako Terrazei buruzko Ordenantza berria jendaurrean jartzea. Izan ere, Lekuonak adierazi duenez, “gu politikara hernanirarron bizitza hobetzeko etorri gara”.
Xabier Lertxundi alkatearen hitzartzea:
Ekainean gobernua hartu genuenetik lanean aritu gara, aurreko agintaldian aritu garen bezalaxe.
Beraz, ez gara zerotik abiatzen: badugu hernaniarren beharren ezagutza, badakizkigu herriko eragileen premiak, badugu herrigintzan eskarmentu zabala. Eta zerotik hasi ez bagara ere, gobernu berria du Hernanik, aurreko agintalditik datozen hainbat zinegotzik eta zinegotzi berriek osatuta. Eta guztion artean talde prestatua eta prestua egin dugu. Ilusio eta kemen berrituarekin.
Gobernu taldea gauzak hobetzeko asmoz dago hemen, hernaniarren ongizatean maila hobetzeko asmoz gabiltza eta horretarako hamaika proiektu eta ideia ditugu. Horiek guztiek gobernu plan batean bilduko ditugu, datozen lau urteotan udal gobernuaren iparrorratza izango den eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko duen gobernu planean.
Plan honek hainbat eta hainbat egitasmo jasoko ditu. Adin guztietako herritarrei eragingo dietenak, ume, gazte, heldu nahiz pertsona nagusiei, auzo guztietakoei, jatorri desberdinekoei. Ahalik eta arlo zabalenak jorratuko ditu, izan ekonomia eta enplegua, izan kultura, euskara, berdintasuna, kale garbiketa… nola argiteria, etxebizitza arazoak, aisialdia edota mugikortasuna…
Plan honek bilduko dituen egitasmo guztiak neurgarriak izango dira. Aldez aurretik esandako epe zehatz batean egingo direlako. Gobernu honek konpromisoa hartzen du maiztasun jakin batean neurrien betetze mailaz herritarrei informatzeko, herritarrek eskubidea dutelako jakiteko udala zertan dabilen eta hori udalaren betebeharra da. Udal jardueran gardentasuna ezinbestekoa delako.
Eta plan hau ere dinamikoa izango da, badakigulako bere baitan jasoko dituen egitasmo guztiez gain lau urteotan herritarron ekarpen gehiago jasoko ditugula, agintaldian zehar behar gehiago agertuko direla, gure lana etengabekoa izango delako. Baina gobernu planarekin herritarrek argi eta garbi ikusiko dute Hernaniren zein argazki nahi dugun, 2027ra arte zein ibilbide egingo dugun, eta nahiko genuke agindukotako lanaren arabera herritarrek gobernu hau juzkatzea.
Esan bezala, gobernu plan hau osatzeko hamaika ideia eta egitasmo dugu, baina hala ere, prozesu bat abiarazi dugu dagoeneko udaleko langile guztiek ere euren ekarpenak egin ditzaten, eragileekin berriro ere entzuketa aktiboa egingo dugu. Denon artean egindako gobernu plana izango da, elkarlanean egina, horrela ulertzen baitugu herrigintza. Gobernu honek gauzak egiteko moduari garrantzia berezia eman nahi diolako.
Gobernu plana azaroan aurkeztuko dugu jendartean, eta orduan xehetuko ditugu herritarron bizi-kalitatea hobetuko dituzten neurria guztiak.