Berriak
Atzealdea

Zaindua eta zaintzailea, Hernaniko zaintza luzeko udal zerbitzuaren erdigunean

Etxez etxeko zerbitzuaren lizitazio berrian zerbitzua eta profesionalen lan baldintzak hobetzeko, aurrekontuak %47ko igoera izan du

2024·04·02


Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna izan da pasa den martxoaren 30ean. Hernaniko Udalarentzako, zaintza bere politiken erdigunean dago. Hain justu ere, Hernani Burujaberen estrategiaren barruan kokatzen du Udalak etxez etxeko zaintza zerbitzua.
 
“Zaintza lanak demokratizatu eta burujabetasunaren ikuspegitik jorratzeko hautu politikoa dugu egina”, azaldu du Xabier Lertxundi alkate eta Zerbitzu Sozialetako arduradunak, “hori arlo komunitarioarekin sakondu nahi dugu”. Zaintza Mahaia eta Zaintza Taldea sortuta daude dagoeneko, baina Hernani Burujaberen baitan Zaintzen Plataforma Herritarra sortzea da helburua.
 
Bitartean, Udalak eskaintzen dituen zaintza arloko zerbitzuak hobetzen eta eraberritzen jarraitzen du. Hernaniko Udalaren premisa da “zaintza ereduak publikoa eta komunitarioa” izan behar duela, dio Lertxundik.
 
Etxean zaindua izatearen helburu estrategikoa
“Pertsonak etxean eta ingurune komunitarioan mantendu ahal izatea helburu estrategikoa da”, azaldu du Oihane Zabaleta Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialetako arduradun teknikoak. “Herritarrak ahalik eta luzaroen eta baldintza onenetan zainduak izatea beraiek nahi duten tokian. Datuek erakusten dute eskaera geroz eta handiagoa dela etxean zainduak izan nahi duten herritarrena”.
 
Hernaniko Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzua Hernani Burujabe herri estrategiaren barruan ulertu behar da. 2019-2020an egindako diagnostiko prozesuak erakutsi zuen “zaintza krisian murgilduta gaudela, honen merkantilizazioa dela eta”. Zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa, zaintza lanak era justuagoan banatzea eta zaintza lanetan aritzen diren pertsonen zein lan baldintzak duin bihurtzea “lehentasuna” dira ordutik.
 
Etxez etxeko laguntza zerbitzuak adineko pertsonak (mendekotasuna izan edo ez), aniztasun funtzionala duten pertsonak eta buruko gaixotasunak dituztenak artatzen ditu. “Erabiltzailea gizarte politiken eta zerbitzuen erdigunean” jarrita, “lortu nahi da etxez etxeko zerbitzuak kalitatezko zaintzak bermatzea, herritar denentzat irisgarria eta eskuragarria. Pertsona denen (zainduaren eta zaintzailea) tratu onean eta duintasunaren aitortzan oinarritua”, zehaztu du Xabier Lertxundi alkateak.
 
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako udalerri askotako datuei erreparatuz gero, familiei laguntza ekonomikoa ematearen aldeko apustua gailentzen da, pertsonak familiak berak zaintzeko edo pertsonak kontratatzeko. “Hernaniko eredua beste bat da”, azaldu du Zabaletak, “kalitatezko etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko udal politika indartu da azken urteetan eta horren ondorioz, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren estaldura maila pertsona adinduen artean %2,63koa da, Gipuzkoako altuena". Hernanin mendekotasun egoeran dauden 65 urtetik gorako 614 herritarretatik, %86,43k etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen du. Buruntzaldea eskualdean  %79,36koa da datu hori eta Gipuzkoan, %74,78koa.
 
Etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetzeko prozesuan, “herri mailako aurrekariek eta egindako lanak ahalbidetu du zaintza sistema guztia birpentsatzea eta proiektu berritzaileak martxan jartzea”, aitortu du Lertxundik.
 
Lizitazio berriak, “zerbitzua hobetu eta profesionalen lan-baldintzak hobetzea” helburu
Iaz, 2023an, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren lizitazio berria egin zuen Udalak. Zerbitzua hobetzea eta zaintzako profesionalen lan-baldintzak hobetzea izan ziren helburu nagusiak.
 
“Zerbitzua bera duindu eta langileak profesionalizatzea eta bizi eta enpleguaren kalitatea bermatzea” izan ziren helburu; “finean, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen lana prestigiatzea”, gehitu du Oihane Zabaleta Zerbitzu Sozialetako arduradun teknikoak.
 
Horretarako, zerbitzuaren ordu kopurua gehitu da (4.000 ordu gehiago; guztira, 56.000 ordu) eta lan-orduen barruan, profesionalentzako formakuntzarako 1.100 ordu txertatu dira. 2017tik, zerbitzuaren ordu kopurua %18ko igo da. Gaur egun, etxez etxeko laguntza zerbitzua 50 langilek eta koordinatzaile batek ematen dute Hernanin.
 
Urteko 1.340.000€ko aurrekontua du Hernaniko etxez etxeko laguntza zerbitzuak. 2017tik, %47ko igoera izan du. Hobekuntzen arloan, langileen soldatak urtero igotzeaz gain (%16,5eko igoera gauzatuko da 2025erako) langile batzuen lan-jarduna ere handitu da, formakuntzak eman dira lanordutan eta enpresa komitea sortu. Gainera, Etxez etxeko zaintza lanak erdigunean proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntza eskuratu du, profesionalen osasun fisiko eta psikikoaren hobekuntzarako saioak egiteko.  
 
Gobernantza ereduari dagokionez, Udalaren eta enpresaren artean zuzendartza estrategikoa lantzen da; Udalaren eta koordinatzailearen artean kudeaketa operatiboa; eta Udala eta langileen batzordearen artean, zuzeneko harremana eta lan-baldintzen jarraipena egiten da. Hain justu ere, martxoa hasieran batzartu zen Xabier Lertxundi alkatea langileekin.
 
Erabiltzaile gehienak, emakumezkoak
2023ko datuei erreparatzen badiegu, 171 erabiltzailek jaso zuten etxez etxeko laguntza zerbitzua (2022an baino 50 gehiagok). Horietako gehienak, %69, emakumezkoak. Zerbitzuaren intentsitateari dagokionez, maiztasun errepikatuena astean bost egunekoa da (zerbitzua jasotzen den egun kopurua), kasuen %65ean, hain zuzen ere. Erabiltzaileen %57ak zerbitzu mistoa edo/eta arreta pertsonalerako eskatzen du; etxeko-lanak ez dira lehenesten. 
 
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren Hernaniko erabiltzaileek errenta eta ondasun mailaren arabera ordaintzen dute zerbitzua (gutxieneko prezioa 0,23€ da eta gehienezkoa 15 €; asteburuetan gehienezko prezioa 20€ da).
 
2024ari begira, kalitatean, arreta pertsonalizatuan, langileen ahalduntzean eta lan-baldintzen hobekuntzan, antolaketa ereduan eta koordinazioan lanketak egiten jarraituko da.