Berriak
Atzealdea Zaintzaileen kalitatezko baldintzak, ongi zainduak izateko funtsezko oinarria
2024·11·05
Gaur, azaroaren 5a, Zaintzaileen Nazioarteko Eguna da. Zainduak, eta ongi zainduak izateko, beharrezkoa da zaintzailea ere zaintzea. Alde horretatik, Hernaniko Udalaren etxeko zaintzaren estrategia “zaintza behar duen pertsonaren eta zaintza horiek egiten dituztenen bizi-kalitatea ardatz izanik” garatzen da: etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen osasuna babestu eta sustatuz, mendekotasuna duten edo mendekotasuna izateko arriskua duten pertsonak etxean gera daitezen eta zainduak izan daitezen lagunduz eta erabiltzaileen etxeetan ingurune fisiko egokia erraztuz, bai erabiltzaileentzat eta bai zaintzaileentzat gune seguruak izan daitezen.
Gaur egun, 56.000 zerbitzu ordu eskaintzen ditu Hernaniko etxez etxeko laguntza zerbitzuak. “Jendeak konfiantza handia du etxez etxeko laguntza zerbitzuan”, azaldu du Xabier Lertxundi alkate eta Zerbitzu Sozialetako arduradun politikoak.
Hernaniko kasuan, “dependentzia duten herritarrez gain, beste behar eta egoera batzuetan dauden herritarrak ere artatzen ditu etxez etxeko laguntza zerbitzuak”.
Langileen lan-baldintzak hobetzeko lanketa
“Hernani zaintzen duen herria da. Eta kalitatezko zerbitzu publiko bat emateko, ezin dugu zaintzailea ahaztu”, azpimarratu du Xabier Lertxundi alkateak. Hori dela eta, azken urteetan Hernaniko Udalak lanketa garrantzitsua egin du etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileekin, euren lan-baldintzak hobetzeko.
“Erabat sektore feminizatua da etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileena; Hernaniko kasuan, langileen %100a da emakumezkoa”, azaldu du Oihane Zabaleta, Zerbitzu Sozialetako arduradunak. “Horrez gain, oso ezaugarri bereziak ditu lan honek: etxeetan egiten baita lan, oso jardunaldi konplikatuetan eta oso modu indibidualizatuan”. Gaur egun, etxez etxeko 50 langilek eta koordinatzaile batek ematen dute Hernaniko etxez etxeko laguntza zerbitzua.
Langileen lan-baldintzak hobetzeko asmoz, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren azken kontratu publikoa (2023) egiteko, plegu teknikoak prestatzen lanketa sakona egin zen Zerbitzu Sozialen, Berdintasun sailaren eta Kontratazioa sailaren artean. “Klausula sozialak landu genituen, ikuspegi feminista batetik langileen ahalduntzea sustatu nahi baikenuen Udaletik”, azaldu du Xabier Lertxundi alkateak. “Gure aldetik, konpromiso bat eta baliabideak jartzea ekarri zuen lanketa horrek. Esaterako, langileen soldatak igotzea eta urteko lanaldia jaistea”. Lan-ordutegiaren barruan formakuntzak eta elkartzeko orduak sortzea ere ahalbidetu du kontratu berriak.
Zaintzaileen osasun emozional eta fisikoa zaintzeko zerbitzu berritzailea martxan jarri da aurten
2022an, Hernaniko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen Lan Hitzarmena sinatu zen lehenengo aldiz. “Horrek ahalbidetu du, besteak beste, Langile Batzordea sortzea, asanbladatan elkartzeko aukera izatea...”, azaldu du Oihane Zabaleta teknikariak. “Langileak hobeto sentitzeko ezinbestekoa dira espazio horiek”.
Langileen osasun emozional zein fisikoa zaintzeko asmoz, aurten zerbitzu berritzailea ere jarri du martxan Hernaniko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako dirulaguntza bati esker (55.000 €).
“Epe luzeko zaintza-lanak egiten duten pertsonen artean prebalentzia handia dute arazo muskulo-eskeletikoek”, azaldu du Oihane Zabaleta zerbitzuburuak. “Ondorio nagusia mina eta ezintasuna dira. Zaintzaileen osasun fisiko, psikologiko eta sozialean eragina daukate, beraien bizi kalitatea gutxituz“. Arazo horiek erantzuna modu integralean emateko jarri da zerbitzu berria martxan: zaintzailearen balorazio klinikoa (23 langilerena), lanpostuaren ebaluazioa (zerbitzua ematen den 35 etxebizitzatako arrisku-balorazioa egin da, dagokion interbentzio edo gomendioekin) eta norbere burua zaintzeko formakuntza eta autozainketa tresnak eskaini dira (urritik, 7 langilek astean mina murrizteko tailerreko bi saio jasotzen dituzte).
“Zerbitzu integral hau egingarria dela ikusi dugu”, azaldu du Lertxundik, “gainera, harrera ona izan du parte hartu duten langileen artean”.
Etorkizunerako “lan-ekosistema erakargarria sortzea” helburu
“Kontuan hartuta biztanleria zahartzen ari dela, mendekotasuna duten pertsonak gero eta gehiago direla eta zaintzarako pertsona kualifikatu nahikorik ez dagoela, ezinbestekoa da zaintzaileen osasuna babestea eta sustatzea”, uste du Xabier Lertxundi alkateak. “Horrek ahalbidetuko baitu lan-zahartze osasungarria lortzen, lan-absentismoa murrizten eta lan-ekosistema erakargarri bat sortzen, zainketa ekonomiaren iraunkortasuna hobetuz”.
Hernaniko etxez etxeko zerbitzuko langileen baldintzen hobekuntza lortzeko egin diren lanketa hauen guztiak kanpoko jakinmina piztu du. Horren adibide da azaroaren 30ean -iazko Greba Feministaren urteurrrenean- Bilbon egingo den Zaintzen Herrian eredu honen berri emango dutela udal ordezkariek.