Berriak
Atzealdea

Zero zabor hozkailua astelehenetik martxan

Proiektu pilotu honekin, elikagaien xahutzearen kontra egin nahi du Udalak, pertsona batzuen elikagai soberakinak beste batzuen eskura jarriz eta hondakin organikoaren prebentzioan eta “zero zabor” kudeaketan beste pausu bat emanez.

2021·04·29


Zero Zabor Hozkailua elikagaien xahutzea ekiditeko eta hondakin organikoa murrizteko proiektua da. Horretarako, bide publikoan vending motako bi hozkailu jarri ditu Hernaniko Udalak eta bertan, herriko Lehen Hezkuntzako bi ikastetxeetan soberan geratutako elikagaiak jasotzen dira, pertsona batzuon elikagai soberakinak beste batzuen eskura jarriz. Beste era batera esanda, Zero Zabor Hozkailua soberako elikagaiak modu seguruan biltegiratu eta herritarren eskura jarriko dituen hozkailua izango da. Modu honetan, hainbat janari hondakin kuboan botatzea ekiditen da, organikoaren prebentziorako beste urrats bat emanez gure herrian.
Zero Zabor Hozkailua, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen “Hozkailu solidarioa” eta Residuo Cero Fundazioaren “Rexcatering”  egitasmoak uztartzen dituen proiektu pilotua da; Bi egitasmo horiek Galdakaon (Bizkaia) sortu ziren eta egun, Euskal Herriko eta estatuko beste hainbat herritara (Lasarte-Oria, Basauri, Plentzia, EHU-ko ostalaritza eskola, Gasteiz Donostia, Valentzia, Bartzelona, etab.) zabaldu da, sekulako arrakasta eta emaitza oso onak lortuz.

Elikagaien xahutzea orain arte Hernanin sekula landu ez den gaia izanik eta hondakinen prebentzioan duen garrantziaz jabetuz, proiektu pilotu gisa hasiko du Udalak, lehenbizi lehen hezkuntzako bi ikastetxeetan martxan ezarrita (Aratz Ikastetxea eta Langile Ikastola) eta ondoren emaitzen arabera, herriko beste puntu batzuetara zabaltzea aztertuko da. Proiektu hau egikaritzen laguntzeko Hernaniko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020ko Ekonomia Zirkularra bultzatzeko diru-laguntzak eskuratu ditu.

Hernaniko Udalak eskerrak eman nahi dizkie proiektu hau posible egiteagatik Aratz Ikastetxeko eta Langile Ikastolako zuzendaritza taldeei, 6.mailako ikasle, irakasle eta jangelako arduradunei eta baita bi ikastetxeetako Ausolaneko jangelako langileei ere, haien inplikaziorik gabe ezin izango zen egin eta. Aurrekoez gain, Udalaren izenean eskerrak ere, Residuo Cero Fundazioko eta Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko kideei, haien gidaritza eta aholkularitza ezinbestekoa izan baita proiektu honetan.

Hozkailuaren erabilera publikoa eta doakoa da erabiltzaileentzat. Elikagaiak ontzi konpostagarrietan egongo dira biltegiratuta eta etiketatuta. Herritarrak vending-hozkailura hurbildu, eta nahi duen ontzia hartzea besterik ez du egin beharko.
Garrantzitsua da proiektu honen unibertsaltasuna azpimarratzea, hozkailuko elikagaien hartzaileak pertsona guztiak baitira, haien egoera sozioekonomikoa edozein dela ere. Izan ere, “Baztertuentzat zerbait egitea baino gauza baztertzaileagorik ez dago”.


Zero Zabor Hozkailua Hernaniko Aratz ikastetxe ondoan kokatuko da, Sandiusterri kalea eta Txantxilla auzoen arteko berdegunean, DYA-ko anbulantzien aparkaleku ondoan. Proiektua maiatzaren lehen astean jarriko da martxan.
Elikagaien %30 xahutzen da munduan, 800 milioi pertsonak gosea jasaten duten bitartean; bada garaia honekin bukatzeko! Horregatik, Hernaniko Udalak herritar guztiei Zero Zabor Hozkailua erabiltzeko dei egiten die, egunero botatzen ari garen eta ondo dagoen janaria “Ederregia baita ez aprobetxatzeko, On egin!”.