Berriak
Atzealdea

Zortearen erruletak ehun sari banatuko ditu datozen hiru larunbatetan tokiko dendetako erosleen artean

Tokiko merkataritza suspertzeko erruleta ez da geldituko. Horregatik, zortearen erruleta bat paratuko da udaletxearen arkupeetan datozen hiru larunbatetan. 60 euroko erosketen tiketak batu eta erruletan tirada bat egiteko aukera izango duzu. 100 sari banatuko dira.

2020·11·11


Osasun egoera zailean egonda eta segurtasun neurri zorrotzak bete behar direla jabetu arren, tokiko negozioetan kontsumoa babesten jarraitzea ere funtsezkoa dela uste du Udalak. Horregatik antolatu ditu #izanaktibista kanpaina berpizteko zenbait ekintza, Berriak Merkatari eta Ostalarien elkartearekin elkarlanean.

Horrela, udan garatutako dinamikari eta zozketei jarraipena emango zaie, baina oraingoan arreta dendetan jarriko da.

Funtzionamentua

Azaroko hiru larunbatetan (14, 21 eta 28), 10:00etatik 13:00etara, udaletxeko arkupeetan, zortearen erruleta jarriko da, zuzeneko 100 sariekin (izakinak bukatu arte). Jokoan parte hartzeko, aste horretako ostegun, ostiral eta larunbatean Hernaniko dendetan egindako erosketak justifikatzen dituzten tiketak dituzten kontsumitzaileek "tirada" bat egin ahal izango dute erruleta batean. Gutxienez 60 euroko gastua osatu beharko da (tiket bat baino gehiago batu daitezke).

Tiketak egiaztatu, erruletan tirada egin eta ekimena dinamizatzeko lanak bi pertsonek egingo dituzte, eta horiek dinamikan parte hartzen dutenen artean segurtasun-distantziak bermatzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte: hesiak, gel hidroalkoholikoa, lurrean distantziak markatzen dituzten seinaleak...

Datak: 3 larunbatetan aterako da erruleta:

  • Azaroak 14 (12, 13 eta 14ko tiketak onartuko dira)
  • Azaroak 21 (19, 20 eta 21eko tiketak onartuko dira)
  • Azaroak 28 (26, 27 eta 28ko tiketak onartuko dira)

*Tiketak: soilik Hernaniko norberaren konturako langile eta mikroenpresek kontsumitzaileari kontsumo produktu eta zerbitzuak zuzenean justifikatzen duten tiketak onartuko dira, (ez dira gremio ezta ostalaritzako tiketak onartuko).

Bestalde, azaro osoan zehar kanpainaren bideoak argitaratuko ditugu sare sozialetan. Bideo horien helburua da pertsonak sentsibilizatzea eta Hernanin behar dugun guztia aurki dezakegunaren mezua helaraztea. Merkataritza bizia dugulako, lan egiteko gogoa daukagulako eta gertuko merkataritzan erosten dugulako, gure kaleei balioa ematen diegulako.