Berriak
Atzealdea

Zubipe eta Landare kirol instalazioak uholdeetatik babesteko proposamena aurkeztuko diote Ura Agentziari Udalak, CDHk eta Rugby Elkarteak

Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Ane Ibarburu Jarduera Fisikoa eta Kirol zinegotzia, Martxelo Ezponda CDHko presidentea eta Joxe Kurutz Elosegi HCREko presidentea izan dira proposamenaren aurkezpenean.

2022·07·07


Joan zen martxoaren 22an plazaratu zuten Udalak, CDHk eta Hernani Club Rugby Elkarteak (HCRE) Zubipe eta Landare kirol instalakuntzak uholdeetatik babesteko konpromisoa. Hiru eragileek sinatu zuten dokumentuan jasotzen zenez, Hernaniko Udalak instalakuntza horiek babesteko obra egiteko azterlana egiteko konpromisoa hartzen zuen. Azterlan horrek euriteen garaian ibaiak gainezka egiten zuenean zelaiak babesteko konponbide bat proposatu behar zuen. Hori dela eta, azterketa bat enkargatu zuen Udalak eta gaur horren emaitza aurkeztu dute hiru eragileek.

Azterlan horrek proposatzen du Zubipe eta Landare kirol instalazioak inguratzeko harresi bat eraikitzea. Guztira, 600 metroko luzerakoa eta errekaren hondotik 8 metroko altuera bermatuko duena. Instalazioek altuera desberdina dutenez, harresiaren gutxieneko altuera 0,65 metrokoa izango litzateke eta gehienezkoa, 1,70 metrokoa.

Proposamen hori aurkeztuko dio Ura Agentziari Udalak, hiru eragileen izenean. Ura Agentziak ematen duen erantzunaren zain geldituko dira hiru eragileak. Baimena emango balu, obra exekutatzeko prozedura martxan jarriko luke Udalak. Gogoratu behar da martxoan sinatutako dokumentuaren arabera, Udalak konpromisoa hartzen zuen bi instalazio horiek hobetu eta kirol elkarteen jarduna bermatzearren 2 milioi euro inbertitzeko.

Martxelo Ezponda eta Joxe Kurutz Elosegi, CDHko eta HCREko presidenteak, hurrenez hurren, pozik agertu dira “hainbeste urteren ondoren” konponbide bat “gertuago eta bideragarriago” ikusten dutelako.

Konponbidea, "gertuago"

Harresia eraikitzeko proposamena ez da berria. Duela urte batzuk eskuartean izan zuten Udalak eta klubek irtenbide hori, eta Ura Agentziak baztertu zuen. Orduko egoera, baina, bestelakoa zen. Orain, ordea, Ura Agentzia Urumeako meandroan eskuhartze batzuk egin ditu jadanik -Txomin, Martutene eta Astigarraga-  eta Hernaniri eragingo dion obra -Ergobia eta Akarregi bitartekoa- lizitazioan dago eta datozen hilabeteotan egitea aurreikusten da. Obra hori burutzen denean, uholderako arriskua nabarmen murriztuko da Hernaniko eremuan, Ura Agentziak berak jakinarazi duenez.

Hori dela eta, harresia egiteko proposamena berreskuratu eta, egoera berria kontuan hartuta, egin dira kalkulu hidrografikoak. Azterlanaren arabera, behin Ergobia eta Akarregi bitarteko obra exekutatuta, bideragarria da harresia egitea ondoko eremuetako uholde arriskuan eragin nabarmenik sortu gabe.

Hori horrela, bai Udala bai klubak baikor daude Ura Agentziak baimena emango duelakoan.

AZTERLANAK PROPOSATZEN DUEN KONPONBIDEAREN PLANOA