Zubipe indarkeria matxistarik gabeko gunea izatea helburu

2019·11·22
Joan zen denboraldian emakumezko epaile batek Zubipen jasandako eraso matxista bat izan zen abiapuntua. Kluba Udalarekin harremanetan jarri zen eta kasu hauetan nola jokatu zehaztuko duen araudi bat beharrezkoa zela ondorioztatu zuten. Udala eta kluba lanean jarri ziren. Ainhoa Azurmendi kirol eta berdintasun gaietan adituaren laguntza izan dute lan horretan.
Protokoloa mamitzeko oinarria Emakundek 2015ean argitaratutako kirolean emakumeen kontrako sexu-jazarpena eta abusuak prebenitzeko gida izan da. Gida horretan azaltzen diren jarraibideak “gure herrira eta gure egoerara ekarri ditugu eta hau da emaitza”, azaldu du Esti Aldeiturriagak.
Protokoloak jazarpena eta erasoak tipifikatzen ditu, baita bakoitzaren aurrean hartu beharreko neurri zehatzak ezarri ere. “Zubipera datozenak futbolaz gozatzera etor daitezen nahi dugu, besterik gabe. Gure instalazioak espazio segurua eta sexu erasorik gabeko gunea izatea nahi dugu”, ohartarazi du Martxelo Ezponda CDH futbol ataleko presidenteak.
Ezpondaren hitzetan, “guk egindako lana Gipuzkoako beste kluben eskura jarri dugu”, talde bakoitzak hartu eta bere errealitatera egoki dezan.