Berriak
Atzealdea

Autobusen murrizketaren aurrean alegazioak aurkezteko aukera dute herritarrek

Tolosa, N-1, Buruntzaldea eta Donostiako garraio publiko erregularrari buruzko aurreproiektu bat du eskuartean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta murrizketa handiak eta larriak aurreikusten ditu autobus zerbitzuetan, Hernaniko Udalak bertan behera uzteko eskatu dio Foru Aldundiari eta udalekin eta herritarrekin batera lantzeko. Foru Aldundiak, ostera, aurrera jarraitzeko asmoa du. Udalak alegazioak aurkeztu ditu baina herritarrak ere aurkeztera animatu nahi ditu. Hori errazteko udal eraikin publikoetan (Biterin, kiroldegian, Sandiusterrin eta udaletxean) alegazioak aurkezteko orriak jarri ditu herritarren eskura. Urriaren 23 arteko epea dago alegazioak aurkezteko.

2017·10·13


Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreproiektu bat prestatu du Tolosa, N-1, Buruntzaldea eta Donostiako garraio publiko erregularrari buruz. Horretan autobus zerbitzuetan murrizketa handiak eta larriak aurreikusten dira hernaniarrontzat.

Aldundiak jendaurrean jarri duen aurreproiektuaren arabera, egungo autobus linea guztiek izango dituzte murrizketa handiak, adibidez, G1ean, frekuentzien murrizketa basatia da; lan egunetan %38a, larunbatetan %66a eta igande eta jai egunetan %57a.

Udalaren iritziz, murrizketa horiek sekulako kaltea eragingo diete hernaniar guztiei, eta bereziki, adinekoen, gazteen eta babes gutxieneko sektoreei. Garraio publikoa sustatu eta indartu behar dela esan eta hartzen ari diren neurriak kontrako bidetik doaz.

Egoera horri aurre egiteko, eskualdeko zenbait udalek urgentziazko bilera eskatu diogu Aldundiari eta eskatu diogu herritarron beharrak kontuan hartu eta moldaketak bertan behera utzi ditzaten.

Hernaniko Udalak alegazioak aurkeztu dizkio aurreproiektuari eta, modu berean, herritarren eskura ere jarriko du alegazio pertsonalak egiteko aukera. Horretarako, urriaren 23a bitartean udal eraikinetan (Biterin, kiroldegian, Sandiusterrin eta udaletxeko harreran) aurreproiektua bera eta bertan behera uzteko eskatzeko alegazio-orriak, hala nahi duenak bertan sinatu eta sarrera emateko.

Aurreproiektua GAOn

Alegazio orria