Berriak
Atzealdea

Industrialdean enpresek sortzen dituzten hondakinen gaikako bilketaren kudeaketa bereganatuko du Udalak

2018ko urtarriletik aurrera bereganatuko du Udalak industria poligonoetako enpresek eta lantegiek sortzen dituzten hiri hondakinen kudeaketa. 400dik gora enpresa daude Hernanin eta orain arte San Markos Mankomunitatea arduratu izan da bilketaz. Udalak, ostera, enpresa gehiagotara iristea eta hobeto sailkatzea du helburu. Zero Zabor bidean aurrerapauso garrantzitsua da hori.

2017·12·16


Hernaniko 400dik gora enpresen hondakinak Garbitania Enpresa Publikoak kudeatuko du 2018ko urtarriletik aurrera. Herriko hondakinekin 2010etik egiten den moduan, lantegienak ere jatorrian sailkatzea eta modu egokian egiten dela sustatzea da helburua.

Egun, San Markos Mankomunitateak egiten du industrialdeetako hondakinen kudeaketa. Datorren urtarriletik aurrera, Udalaren eskumena izango da, eta Garbitania Sozietate Publikoaren bidez kudeatuko du bilketa, herriko etxebizitzetakoa eta saltokietakoa egiten duen enpresa publikoa bera, alegia.

Hernaniko Udalak Zero Zabor bidean egiten duen beste urrats bat da, urrats garrantzitsua, gainera. San Markos Mankomunitateak orain arte egiten duen bilketaren emaitzak aise hobetu nahi baititu Udalak. Enpresa gehiagotara iristea eta hondakinak jatorrian hobeto jasotzea da erronka.

Informazio eta aholkularitza pertsonalizatua

Gaikako sistemaren ezarpena urtarrilaren 2tik aurrera egingo du Udalak, baina uztailean hasi zen Garbitaniako hezitzaile bat enpresaz enpresa datuak biltzen bisita pertsonalizatuak egiten. Horrekin batera, enpresa guztiei liburuxka, egutegi eta kartel bana banatzen ari da egunotan Udala bilketaren ordutegiekin eta ezaugarriekin. Webgune berezi bat - poligonohondakinak.hernani.eus - ere lantzen ari da Udala informazioa enpresen ordezkarien eskura modu argian egon dadin. Horrela, zalantzak argitzeko tresna bat edukiko dute beti eskura. Gainera, telefonoz deitzeko aukera ere izango dute enpresariek edo langileek zalantzak argitzeko.

Ingurumenerako eta ekonomiarako onurak

Industrian sortzen diren hiri hondakinen bilketa bereganatzeak ingurumenerako abantaila handiak ditu, jatorrian egiten den bilketa egokia baldin bada, gerora sailkatzea errazagoa baita, eta horrek birziklatze tasak hobetzea ahalbidetzen du.

Era berean, Hernaniko herriguneko hondakinak eta Usurbilgo hondakin guztiak kudeatzen dituen Garbitania enpresa publikoaren baliabideak arrazionalizatzea ekarriko du, langileak, ibilgailuak, pabilioia eta gastu orokorrak modu eraginkorragoan baliatzeko aukera ematen duelako.

Alderaketa

San Markos Mankomunitateak egun burutzen duen bilketaren datuak eman dizkio Hernaniko Udalari. Horren ondoan zehazten dira Garbitaniak egun Usurbilgo enpresetan egiten duen bilketaren laburpen datuak.

  San Markos kudeaketa
(Hernani, egun)
Zero Zabor kudeaketa
(Usurbilgo eredua)
Organikoa (1) %11 %40
Ontzi arinak (2) %17 %57
Papera/kartoia (3) %52 %85
Errefusa inertea %81 %93
Errefusa organikoarekin %22 Ezin da atera
Enpresa bakoitzaren hondakin sorreraren informazioa Udalak EZER EZ Banakako informazio zuzena: fitxa pertsonalizatuak
Etengabeko hobekuntza zero zabor bidean Bai Ez

(1) Organikoaren bilketa: egun San Markosek Hernaniko enpresa guztien %11tan soilik jasotzen du frakzio hori (420 empresako 46tan); Garbitaniak Usurbilen enpresa guztien %40 jasotzen du (133 enpresatik 53tan). Hernaniko enpresen %89ak organikoaren atalarekin zer egiten duen ez dago informaziorik. Errefusa organikoarekin ateratzeko egunean aterako dute seguraski, zabortegira joaten direlarik. Usurbilgo kasuan, errefusarekin organikoa ateraz gero ez zaio jasotzen eta hortaz behartuta daude organikoaren egunean ondo ateratzera.

(2) Ontzi arinen bilketa: San Markosek 71 enpresari biltzen zion 2016an. Garbitaniak Usurbilen 76ri bildu zion. Atal honetan ere Hernaniko enpresetan %83tatik gehienak (gutxi batzuk ez dute atal hau sortuko seguraski) ontzi arinak errefusaren egunean aterako ditu, zabortegira botatzen dituztelarik.

(3) Papera eta kartoiaren bilketa: San Markosen bilketa kopurua hain txikia ez izan arren (%52), Usurbilen egiten denarekin konparatuz gero (%85), Hernaniko tasa hobetzeko aukera handia dagoela ikusten da.