Berriak
Atzealdea

Portu eta Elizatxo auzoen espazio publikoa eta bizilagunen mugikortasuna hobetzeko hiru urteko plana prestatu du Udalak

Portu eta Elizatxo auzoetan trafiko handia egoten da eta horrek arriskuan jartzen du oinezkoen segurtasuna. Aspaldiko arazo horri ahalik eta irtenbiderik adostuena emateko asmoz, parte-hartze prozesu bat egin zuen Udalak iaz. Bertan parte hartu zutenen erabakietan oinarrituta, plan bat diseinatu da eta hori exekutatuko du Udalak datozen hiru urteotan. Lehen neurria Oindi kaleko trafikoa 20 minutuz mugatzea izango da, ikastolako sarrera eta irteeretan (goizez eta arratsaldez). Apirilaren 16tik aurrera aplikatuko da.

2018·03·16


  • Bi auzoetako bizilagunak eta eskola komunitatea -ikastolako arduradunak eta gurasoak- parte-hartze prozesu batera gonbidatuta egon dira. Bertan parte hartu dutenekin batera erabaki eta diseinatu du Udalak plana.
  • Lehenengo neurria izango da eskola sarrera eta irteera orduetan, 20 minutuz, Leokako labaderoaren eta Shangai tabernaren arteko trafikoa mugatzea. Neurria Aste Santuaren ondoren jarriko da martxan.
  • Elizatxo ikastolaren inguruetan ordu horietan sortzen diren ibilgailuen joan-etorriek arriskuan jartzen dituzte oinezkoak eta ikasleak. Horien segurtasuna bermatzea eta trafikoak eta gaizki aparkatzeak sortzen dituen arazoak ekiditea dira plan horren lehentasunak.

Aspaldikoak dira Elizatxo eta Portu auzoetan mugikortasun arloan dauden korapiloak. Auto ugari ibiltzen dira, batez ere eskolara sartu eta irteteko orduetan, eta maiz, presaren presaz, behar baino abiadura handiagoan joaten dira. Horrek oinezkoentzako arriskua sortzen du, bizilagunentzat zein ikasleentzat.

Horretaz gain, trenbidearen azpiko tunel estua oinezkoentzako arriskutsua da, eta, Portutik Shangaira joateko espaloirik ez dagoenez, oinezkoek errepidetik joan behar izaten dute.

Horren ondorioz, Portu eta Elizatxo auzoetan oinez ibiltzea arriskutsua da. Oinez joaten diren bizilagunak, gainera, adineko pertsonak eta haurrak izaten dira askotan. Ikastolara oinez joaten diren haurrek, gurasoek eta irakasleek ere pairatzen dute arazo hori.

Arazo horietaz jabetuta, eta irtenbide adostuak aurkitu nahian, Hernaniko Udalak iazko udaberrian deialdi bat zabaldu zuen inplikatuta dauden kolektibo guztien artean eta parte-hartze prozesu bat abiatu zuen. Prozesu horretara gonbidatuta egon dira:

1. Udal ordezkari politikoak eta teknikoak
2. Portu eta Elizatxoko bizilagunak
3. Elizatxo ikastolako arduradunak eta ikasleen gurasoak

Hilabete horietan egoera zein den aztertu, antzeman diren arazoak murrizteko proposamenak jaso eta aurrera eramango diren neurriak adosteko lan saioak egin dira, aholkularitza teknikoaren laguntzaz.

PARTE-HARTZE PROZESUAREN EMAITZA
Parte-hartzaileek egindako diagnostikoa, proposamenak/neurriak aholkularitza teknikoarekin batera landu eta adostutako proiektua burutu zen. Plan horren izpiritua da ibilgailuen trafikoa erregulatzea eta oinezkoen segurtasuna bermatzea.

PLANGINTZAREN HIRU ARDATZAK
Plangintza honek hiru ardatz ditu: trafikoaren erregulazioa, espazio publikoaren eraldaketa eta oinezkoen konexioen hobekuntza. 

Gauzatzeko epeei dagokienez, hiru urtetan egitea aurreikusten du Udalak (2018-2021). Trafikoaren erregulazioa lehenengo neurria izango da (Aste Santuaren ondoren martxan jarriko da) eta espazio publikoaren eraldaketaren lehen urratsak aurtengo udan hasiko dira.

1. TRAFIKOAREN ERREGULAZIOA
Elizatxo Ikastolaren inguruetan, sarrera-irteera orduetan pilatzen diren ibilgailuek segurtasun arazo bat sortzen dute. Guraso askok autoz eramaten dituzte haurrak ikastolaraino eta horrek arrisku egoerak sortzen ditu, bai auzokideentzat baita oinez ibiltzen diren guraso eta haurrentzat ere.

Arrisku hori murriztu nahian, Oindi kalean, eskola egunetan, ibilgailuen pasoa 20 minutuz etenda egongo da, sarrera-irteera orduetan (sarrera 8:45-9:05 eta irteera 16:15-16:35).

Larrialdietan eta kasu oso berezietan soilik pasatzea eskatzen da. Ordu zehatz horietan sartu edo irten behar duten bizilagunek txartela eska dezakete. Txartela Portu eta Elizatxoko bizilagunek eska dezakete, HHZn eta bi auzo elkarteen egoitzetan.

Trafikoaren mugatze hori apirilaren 16tik aurrera jarriko da martxan eta ikasturtea bukatzen denean baloratuko da.

NOLA:
-Larramendiko sarreratik:
1. abisua (seinaleen bidez): Larramendi-Elkano bidegurutzean
2. abisua (seinaleen bidez): Larramendi-Oindi
Kontrola (hesiaren bidez) : Leokako Labaderoan. Udaltzainek errepidea itxiko dute trafikora eta gurasoek gelditu eta bertan umeak uzteko aukera izango dute. Leokako labaderoko aparkalekuan buelta eman ahalko dute.

-Portuko sarreratik:
Kontrola (hesiaren bidez): Shangai taberna parean. Autobusek ere bertan emango dute buelta.

8:45 baino lehenago doazen gurasoek libre dauden ohiko aparkalekuetan utzi ahalko dute ibilgailua. Plan horren asmoa da, ahal den neurrian, ikasleak eskolara oinez joatea sustatzea.

2. ESPAZIO PUBLIKOAREN ERALDAKETA
Oinezkoei lehentasuna emateko neurri grafikoak proposatzen dira: lurra gorriz margotzea, maila igotzea, errepidea zati batzuetan estutzea, apaintzeko elementuak jartzea… Ibilgailuen abiadura jaitsiarazteko eta oinezkoei espazioa hartzen gonbidatzen dituzten neurriak, alegia.
Trenbidearen azpiko tunelaren barrualdea eta tunelaren Shangairen arteko kalearen egokitzapena izango dira hartuko diren lehen neurriak. Ondoren egingo dira auzoetarako sarbideen hobekuntzak.

3. OINEZKOEN KONEXIOEN HOBEKUNTZA. Neurri horiek osatuko dute plangintza eta nabarmentzekoak dir Pipiritako aldaparen zati bat zabaldu eta oinezkoen lehentasuna markatzeko banda bat margotzeko lanak. Hori epe luzera egingo den ekintza da.

AZTERKETAREN PDF-A