Berriak
Atzealdea

Zinkoenea plazako kioskoa esleitzeko prozedura martxan dago

Zinkoeneako aldizkarien eta egunkarien kioskoaren emakida abian jarri du Udalak. Kioskoa hartzeko interesa dutenek azaroaren 2 arteko epea dute haien proposamena aurkezteko. Baldintzak eta eskakizunak udal webgunean argitaratuta daude.

2017·10·19


Zinkoenea plazan dagoen aldizkarien eta egunkarien salmentarako kioskoaren emakida abian dago. Iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu da urriaren 18an. Baldintzak udal webgunearen kontratatzailearen profilean daude.

Kioskoaren kudeaketa kontratua 10 urterako da, eta luzatzeko aukera dago (gehienez 25 urte). Ordutegiari dagokionez, egunero ireki behar da, gutxienez, 7:00etatik 13:30era. Kontzesioa duenak ordutegi hori zabaltzeko aukera izango du, gehienez, 20:00ak arte. Hizkuntzari dagokionez, esleipedunek herritarrekin zuzeneko harremanean lan egiteko izendatutako langileek bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko gaitasuna izan beharko dute.

Esleipena prozedura irekiaren bidez egingo du Udalak, eta irizpide sozialak kontuan hartuko dira, hala nola, langabezian egotea, 50 urtetik gorakoa izatea, zama familiarrak edukitzea, guraso bakarreko familia izatea eta Hernanin erroldatua izatea. Interes sozialeko arrazoiengatik, ez da emakidaren kanonik ezarri (kioskoa kudeatzen duenak ez dio Udalari ezer ordaindu behar).

Eskaera eta dokumentazioa, gutunazal itxietan, aurkeztu behar dira udaletxeko Kontratazio Sailean. Epemuga azaroaren 2ko 14:00ak dira.