Gazte Lokalak

GAZTE LOKALAK

Gazte lokalak dira herriko gazteek aisialdirako eta lagunekin elkartzeko baliatzen dituzten topaguneak. Hernaniko Udalak Aztikerren bidez gazte lokalen fenomeno soziala aztertu eta bizikidetza protokolo proposamena landu zuen (2013-2014). Lanketa horretan oinarriturik #GAZTETUHERNANI gazte-kontseiluak gomendio gida osatu zuen.

Hernaniko Udalak helburu du gazte lokalen erabilera egokia eta segurua bideratzea eta kokatua dagoen auzoarekin bizikidetza errespetuzkoa izatea.

Gomendioen gida

Gomendio gidak gazte lokalak erabiltzeko orduan aintzat hartu beharreko hainbat kontu jasotzen ditu, modu laburrean. Batetik, lokalen erabilgarritasunerako gutxienekoak eta segurtasuna bermatzeko kontuan izatekoak biltzen dira. Bestetik, herritarron arteko bizikidetza egokia bermatzeko alderdiak azaltzen dira. Eta azkenik, alderdi horiek urratzen diren kasuetan jarraitu beharreko pausuak zehazten dira.

Dokumentua deskargatu

Gomendioen gida [pdf]

 

Bitartekaritza zerbitzua

Bizikidetzari dagokionez, gatazkak sortzen direnean eta bizikidetza gomendioak apurtzen direnean gomendio gidan jasotzen den Bitartekaritza Zerbitzua jarriko da abian.

Hernaniko Udalak ofizioz edo interesatuen eskariz jarriko du abian Bitartekaritza Mahaia. Gatazka iturriaren arabera definituko dira partaideak, esaterako: gazte lokaleko erabiltzaileak, lokalaren jabea eta inplikatutako herritar edo bizilagunen ordezkariak. Udal ordezkariek dinamizatuko dute mahaia. Mahaiak helburu du bizikidetza arazoa ikuspuntu guztietatik aztertzea, bakoitzaren errealitateaz jabetzeko eta enpatizatzea ahalbidetzeko. Gaia guztien artean aztertu ondoren, konpontzeko ahaleginak egingo dira.