Gobara podcasta, airera trapu zikinak!
GOBARA du izena Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako podcastak. Espazio horretan trapu zikinak aireratuko ditugu eta gure genealogia feministetan barrena bidaiatuko dugu. Hala feminismoaren alde nola arrazakeriaren zein inperialismoaren aurka bidea urratu duten erreferenteez ariko gara. Eta, horien ekarpenak jaso eta ezagutarazteaz gain, ideia horiek gaur egungo eztabaida, errealitate eta proposamenekin ere lotuko ditugu.
Gobara lehengo amonek buru gainean, errekan edo garbitokian garbitzeko, zeramaten arropa sortari deitzen zaio. Ahanzturari galga jarri eta aitortza gisara, bertso honetan gogora ekarritako hitza da. Keinu eta aitortza egin zien Maialen Lujanbiok lehengo amona, eta gaurko ama eta alabei.
Gogoratzen naiz lehengo amonen,
zapi gaineko gobaraz,
gogoratzen naiz, lehengo amonaz;
gaurko amaz ta alabaz.
(...)
Maialen Lujanbio Zugasti (2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Finala. Txapeldunaren agurreko bertsoaren lehen hitzak)
Hernaniko kontuez eta hemendik haragokoez ariko gara, hilero, euskaraz nagusiki osatutako podcastean. Landuko ditugun pertsonaiak Kulturarteko Plaza Feministaren sortze prozesuan parte hartutako feministek pentsatu, sentitu eta hautatutakoak dira. Ondorioz, horietako bakoitzak izenpetzen du etxe honetako gela eta espazio bakoitza.
Ana Iruretagoiena Rodriguez kazetaria izango da gidari, eta irudia, berriz, Uxue Bereziartua Lonbidek –Berexiart– egina da.
Ikasteko, pedagogia feminista egiteko, desikasteko, gogoetatzeko, ongi pasatzeko, barre zein negar egiteko, amesteko, eraldatzeko, aitortzeko, ezagutzeko... eta askoz gehiagorako, entzun Gobara, ez galdu, trapu zikinak ez ditugu etxean garbituko eta aireratu eginen ditugu.

Empar Pineda: Ikusgaitasuna lehen planora eraman zuen lesbiana feminista
Askatasunaren alde borrokan bizi osoa eman duen hernaniarraz eta azken hamarkadetako borroka lesbo-feministaz aritu gara Pilon Mendibil militantzia kidearekin. Aldarrikapenen garapenari eta egungo erronkei begiratu diegu Danele Sarriugarterekin. Kultur proposamen bezala, Monique Witting-en 'Pentsamendu heterozuzena' jaso dugu.

Begoña Garcia Arandigoien:Elkartasunaren zentzuari jarraituz bizi eta hil zen garestarra
El Salvadorreko gerran, gerrillari bezala ari zela hil zuen ejerzituak. Haren lehengusu Sergio Garciak hitz egin digu medikuaren bizi-ibilbideaz, aldarrikapen politikoez eta familiaren zauriaz. El Salvadorreko gizartean gatazkak utzitako arrastoaz aritu gara Naroa Iturrirekin, Askapenako brigadista bezala bizi izandakoez. Kultur proposamenean, herrialdean abortatzeko eskubidearen aldarrikapenaz diharduen Nuestra Libertad dokumentala ezagutu dugu.

Chimamanda Ngozi Adichie: Arrazakeriaz, migrazioaz eta matxismoaz ahotsa altxatuz nazioarteko erreferente bihurtu den nigeriarra.
Idazlearen testuinguruaz, biografiaz eta aldarrikapenez aritu zaigu Jeanne Rolande Dacougna, kultur-aniztasunaren kudeaketan aditua. Emakume afrikarrek gure lurraldean dituzten erronkez mintzatu zaigu Aby Watt, Flor de Africa elkarteko kidea. Kultur proposamenean, Africa Bibangen doinuak ekarri ditugu.

Emma Goldman: iraultzak duin bizitzeko balio behar duela aldarrikatu zuen anarkista
Nerea Mandiola filosofian tituludunarekin aritu gara Emma Goldmanen bizi-ibilbideaz. Gaur egungo praktika libertarioei ahotsa jarri diegu, berriz, Maddi eta Martarekin: autogestioaz, okupazioaz, sistemari alternatibak eraikitzeaz jardun zaizkigu. Kultur proposamenean, autoediziora begira jarri gara Txakur Gorria kolektiboaren bidez.

Berta Cáceres Flores: transnazionalen aurrean, Lenca herria batu zuen lurraren defendatzailea
COPINH elkartearen sortzailea izan zen Cáceres. Hari buruz hitz egin digu Dalila Argueta hondurarrak. Bera ere lurraren defendatzailea izanik, Euskal Herrian erbesteratu arteko bidea nola izan den kontatu digu. Orain Artean (Bizkaia) bizi da, Basoa defendatzaileen etxean; proiektuaz aritu da Olatz Talavera. Kultur proposamenean, 'Potosi' izan dugu hizpide, Ander Izagirrek idatzitako liburua.

Aimar Elosegi Ansa: herri bat transfobiaren aurka esnarazi zuen hernaniarra
Orain 15 urte bere buruaz beste egin zuen gazte hernaniarraz aritu gara lagun mina zuen Kattalin Minerrekin. Trantsizioa helduaroan eta Hernanin egitea nola izan den kontatu digu Brayan Altimasberesek, Loratuz Lotu elkarteko kideak. Kultur proposamenean, Maialen Lujanbioren bertsoak ekarri ditugu gogora.

Sakine Cansiz: emakume librerik gabe Kurdistan librerik egongo ez dela ohartarazi zuen ekintzailea
PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaileetakoa izan zen aktibistaz aritu gara Maryam Fathi ekintzaile kurduarekin. Brigadista bezala bertan ikusi eta ikasitakoak kontatu dizkigute Maddi Gallastegik eta Ainara Santamariak. Kultur proposamenean, Hozan Simar abeslariaren Zap Zape kantua ezagutu dugu.

Rosa Parks: Segregazio legeari aurre egin zion jostun afroamerikarra
Estatu Batuetan eskubide zibilen aldeko mugimendua piztu zuen aktibistaz aritu gara Garoa Gonzalez historia irakaslearekin. Arrazakeriak gaur eta hemen hartzen dituen formez eta milaka pertsonengan duen eraginaz hitz egin digu Fatima Fernandez Amher elkarteko kideak. Kultur proposamen bezala, Chillida Lekun dagoen 'Reaching Out' eskultura izan dugu hizpide.

Simone de Beauvoir: ezberdintasunaren erroak naturaletik gutxi duela ohartu zen emakumea
Filosofo frantziarraren ekarpenaz aritu zaigu Irene Arrarats, 'Bigarren Sexua' liburua euskaratu duen itzultzailea. Simone de Beauvoirren ekarpenak gaur egungo mugimendu feministan duen oihartzunaz hitz egin digu Maider Barañano soziologoak. Kultur proposamen modura, 'Bigarren Sexuaz Collage' laburmetraia izan dugu hizpide.