Hondakinak
Hondakinen kudeaketa arduratsua
Herritarren parte hartzeari eta esfortzuari esker, zuei esker, hondakin gutxien sortzen duten herrien artean dago Hernani eta, Euskal Herrian ez ezik, Europan ere eredugarriak gara.
Munduko hainbat kongresu eta mintegietan eman dugu gure sistemaren berri. Bartzelona, Galizia, Madril, Miramas (Frantzia), Brusela (Belgika), Capannori (Italia), Santiago eta Temuco (Txile). Halaber, Europako beste hirietako ordezkariak ere etorri dira gure sistema gertutik ezagutzera, hala nola, San Frantzisko (AEB), Paris eta Brive-la-Gaillarde (Frantzia), Bristol (Britainia Handia), Madril eta Kanariar irlak (Espainia). Sydneyko (Australia) agintariek ere gure sistemaren inguruko informazioa eskatu digute.
Hondakinen gaiak askori balio dio kontsumitzeko moduaz jabetzeko, eta ohitura aldaketak ari dira ikusten:
- Enbalajeak urritzea,
- Behar baino gehiago ez erostea,
- Kontsumo taldeen sorrera,
- Berrerabilpen dendak eta azokak sortu dira
- Autokonposta eta auzokonposta
Zero Waste Europe ziurtagiria lortu duen Euskal Herriko lehen herria gara
Zero Waste Ziurtagiriaren ebaluazioa puntuazio-sistema baten bidez garatu du Zero Waste Europe-k. Erakunde horrek izendatutako auditore independenteek Hernanira egindako bisitetan ziurtagiria lortzeko derrigorrezko irizpideak nahiz hautazko puntuazio-irizpideak hartu dituzte kontuan. Puntuazio-irizpideak inplementatutako ekintza bakoitzaren anbizioaren eta eraginaren arabera baloratu dira. Horren ondoren, Zero Waste Europek ebatzi du Hernanik ziurtagiria izateko estandarrak betetzen dituela.
Hernani da, beraz, Zero Zabor Ziurtagiria lortu duen Euskal Herriko lehen udalerria. Gehienez lor daitekeen 5 izarretik 3 izarren akreditazioa lortu du. Hamarkada luze batean hondakinen kudeaketa jasangarriaren alde egindako ahaleginaren aitorpena da ziurtagiri hori.
Zer egiten du Hernanik hondakin gutxiago sortzeko eta jasangarriagoak izateko?
1. ATEZ ATE HONDAKINAK GAIKA SAILKATURIK BILTZEKO SISTEMA
Familia bakoitzak lau hondakin mota bereizten ditu eta bakoitza bere ontzian sartu: plastikoa, papera eta kartoia, organikoa eta errefusa. Udalak ontzi bakoitza jasotzeko egutegi bat ezarri du eta herritarrek dagokien zintzilikarioan uzten du jaso beharreko ontzia. Sistema hori 2010eko maiatzaren 9an ezarri zen.
Herritarren esfortzuari esker, egun Hernaniko etxeetan sortzen ditugun hondakinen %80a birziklatzen dugu. Atez atekoarekin hasi aurretik, %24a.
2. AUZOKONPOSTA ETA AUTOKONPOSTA
Auzokonposta egiteko 49 etxola daude herrian barreiatuta. Guztira, 1.583 familiak konpostatzen dute egun; 950 familiak egiten dute auzokonposta eta 633 autokonposta. Organikoaren %25 kudeatzen da sistema honen bidez.
Informazio gehiago
3. MINIPUNTUAK
Ohiko lau ontzietan utzi ezin daitezkeen trasteak uzteko Garbigunea dago Hernanin. Dena dela, herritarrentzako erosoagoa izateko asmotan, 12 minipuntu jarri ditugu herriko auzoetan CD/DVDak, inprimagailu kartutxoak, bonbilak, halogenoak, eskuko telefonoak, bateriak eta entxufeak, besteak beste, etxetik bertatik bertara utzi ahal izateko.
4. OLIO BILKETA
10 makina daude herri osoan. Herritarrek pote berezi bat eskura dezakete udaletxean. Hori etxean erabiltzen duten olioaz bete eta makinan sartu behar dute. Betetakoa hartu eta garbi bat itzultzen die makinak.
5. GARBIGUNE MUGIKORRA
Etxean sortutako hondakin bereziak eta arriskutsuak biltzeko zerbitzua da.
Herriko 16 auzo desberdinetan kokatuko da, puntu estrategikoetan. Goizeko 8etatik aurrera, 24 orduz eta aste osoan zehar egongo da bide publikoan herritarren eskura, asteburuetan ere bai.
Funtzionamendua, kokapena eta egutegia6. INDUSTRIA POLIGONOETAKO HIRI HONDAKINEN BILKETA
2018ko urtarriletik aurrera, Udalak bere gain hartuko du Hernaniko lantegietan eta enpresetan sortzen duten hiri hondakinen gaikako bilketa. Enpresa gehiagora iristea eta sistema etengabe hobetzea da helburua, jatorrian ondo jasotako hondakinak biltzeak birziklatzea errazten baitu.
7.-TUPPERREN ERABILERA ARRAINDEGIKO EROSKETA EGITERAKOAN
Hernaniar asko dira arrandegira etxetik tupperra hartuta joaten direnak. Modu horretan arraina, modu eroso batean, bildukirik gabe erosteko aukera dute.
8.- EROSKETETARA ORGA EDO POLTSA BERRERABILGARRIEKIN
Erabat arrunta da hernaniarrok erosketak egitera joatea etxetik poltsa berrerabilgarria (edo orga) hartuta. Modu horretan ez dago plastikozko poltsak erabili beharrik.
9.- FESTA ETA JAI HERRIKOIETAN EGITEN DIREN BAZKARIETARAKO MAHAI TRESNA BERRERABILGARRIEN ERABILERA
Udalak mahai tresna berrerabilgarrien partekatze zerbitzua du antolatua bazkari herrikoietarako. Horretarako nahikoa da bazkari-antolatzaileek Udalarekin harremanetan jartzea eta eskatzekoa mahai-kide bakoitzarentzat mahai tresnak (platerrak, koilara, sardexka, kutxiloa eta edalontzia) erretserbatzea eta udaletxean jasotzea. Bazkaria izan eta gero erabilitako tresnak entregatu udaletxean eta Udalak garbitu egiten ditu. Modu horretan, hondakin multzo handia ekiditen da.
10.- AUTOKONPONKETA TAILERRA
Norberak konponketak egiteko tailerra da. Bertan, erabiltzaileek ekarritako artikulua konpontzeko erremintak izango dituzte eskuragarri. Tailerra hiru gunetan banatuta dago: bizikletak konpontzeko gunea, gailu elektriko txikiak konpontzekoa eta joskintza gunea. Horrez gain, erreminta-kaxak daude maileguan hartzeko.
Kokapena: Oleta kalea, 25 behea
Ordutegia:
- Asteartero: 10:00-13:00 eta 16:00-19:00.
- Hileko lehenengo larunbatetan: 10:00-13:00.
Tailerrean hezitzaile bat egongo da erabiltzaileen zalantzak argitzen laguntzeko. Ez da aldez aurretik txanda hartu behar konponketa tailerrera joateko.
Hilero formakuntza ikastaroak antolatzen dira. Saioak dohainik dira, baina aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa da.
Izena emateko edo informazio gehiagorako:
E-maila: konpondu@hernani.eus
Telefonoa: 688 67 59 64
11. TRUKEHERNANI.EUS TRUKE WEBGUNEA
Egoera onean dauden objektuei, gailuei edo produktuei bigarren bizitza bat emateko gunea da. Horrela, objektuen bizitza luzatu eta kontsumo-eredu jasangarriagoa sustatzen dugu. Trukehernani.eus web-orrian herritarrek saldu, eman edo trukea egiteko aukera izango dute. Helburua, berrerabilpenaren filosofia hernaniarrengan zabaltzea da, eta hondakinen prebentzioan eragitea.
Ez bota, berrerabili. Eskerrik asko!
Hobeki elkarteko kidea da Hernani
Euskal Herriko 15 udalez osatzen dugu Hobeki elkartea. Udal guztiok hondakinen kudeaketa jasangarri eta arduratsuarekin konpromisoa adierazten dugu, nola teorian hala praktikan. Kide guztiok hondakinak kudeatzeko ikuskera partekatzen dugun eta elkarte horren baitan elkartzea erabaki dugu, interes komunaren mesedetan lankidetza sustatzeko.
Eduki publikatzailea
Eduki publikatzailea
Tamaina handiko hondakinak jasotzeko zerbitzua
Etxean ditugun eta jada baliagarriak ez zaizkigun tamaina handiko materialak. Esaterako: mahai bat, sofa bat, koltxoi bat, somierra, garbigailua, armairua….