Hernani Tratu Onen herria
Informazio gehiago
Proiektu honen helburua da tratu onak, parekidetasuna eta sexu aniztasuna sustatzea. Horixe baita, hain zuzen ere, indarkeriari eta bereziki emakumeen kontrako indarkeriari eraginkorki aurre egiteko bidea. Sexuen hezkuntzan txertatzen ditu elementu horiek, gorputza eta plazerra norbera bizitzeko moduen erdigunean txertatuz, eta zaintzak baloratuz. 2008an hasi zen Udala Berdintasun Planaren ildoak jarraituz egitasmo honekin. Garai hartan, hezkuntza formalean hezkidetza landu eta emakumeenganako indarkeriaren prebentzioa garatzeko asmoz hasi zen, beti ere fokoa eredu positiboetan jarrita. Urtez urte osatzen eta zabaltzen joan da. Gaur egun, Hernaniko ikastetxe guztietan ematen da Harremonak, eta ikasleez gain, irakasle eta gurasoengana ere hedatuz joan da, hezkuntza formalaren eremua gainditzeraino. Izan ere, tratu onen kultura hezkuntza komunitate osora hedatu beharra agerian geratu da: Hernani Tratu Onen herria izateko bidean, hainbat urrats eman dira 2012tik hona.
Herriko eragile eta talde ezberdinekin lan egin da, eta baita udaleko sail ezberdinekin ere. Herrian hainbat modutan eragin duten ikasle talde eragileak ere sortu dira (katxazarra, liletak...) Harremonak eta Tratu Onen herria egitasmoak izaera integrala du: bermatu nahi du esparru guztietan norabide berean lan egingo dela, eta gazteek ikusiko dutela gai honek guztiei axola diela. Aukera ematen die ikasle, guraso, irakasle, hezitzaile, herri mugimendu eta udal erakundeei hausnartzeko zein ekarpen egin diezaioketen beraiek hezkidetzari, sexuen hezkuntzari eta tratu onen sareari. Bakoitzak bere hausnarketa propioak landu eta gero, gainontzekoekin partekatuz, herrigintzan jauzi kualitatiboa eman dezakeen sarea osatzea da epe luzeko asmoa.