Indarkeria matxista ORRIA

Indarkeria matxista

Puntu lila

Indarkeria matxista gure jendarteko arazo larrienetarikoa da eta mugimendu feministak azken hamarraldian egindako aldarrikapenei esker agenda politiko eta sozialean sartzea lortu da gai hau. 70eko hamarkadaz geroztik mugimendu feministak indarkeria matxistaren kausak, adierazpenak eta ondorioak aztertu eta indarkeria hori pairatzen duten emakumeak indarkeria horretatik askatzeko helburuz esku hartzeko ereduak proposatu ditu. “Indarkeria matxista” terminoak azaltzen du matxismoak barnean duen botere-desberdintasunaren harremana eta, aldi berean, ahalbidetzen du kontuan hartzea indarkeria matxista emakumeek batez ere jasaten badute ere, sistema heteropatriarkalak gizon eta emakumeei ezartzen dizkien eredu hegemonikoak emakumeek bezala hausten dituzten beste pertsona batzuek ere jasan dezaketela. Indarkeria horrek zigortu egiten ditu ereduak finkatzen dituen aginduak betetzen ez dituzten pertsona guztiak. Ildo horretan, lesbiana, gay, transexual eta bisexualak ere indarkeria matxistaren “xede” bilaka daitezke, egungo eredu heteronormatibotik irteten diren neurrian.

 

Aurkibidea

 

Erakundeen arteko jarduera eta koordinazio protokoloa  

 

Dokumentuak deskargatu

Koordinazio protokoloa[pdf]

Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen arreta hobetzeko erakundeen arteko jarduera eta koordinazio protokoloa.

Hernaniko udalak 2012an onartu zuen emakumeen aurkako indarkeriari erantzuteko udalerri-mailako lehen protokoloa. Protokolo honen helburu nagusia, indarkeria jasan duten emakume hernaniarrek infomaziorako, arreta sozial integralerako, babes juridiko eta polizialerako duten eskubidea bermatzea izan da, horretarako, ibilbide guztian zehar arreta ematen dieten eragileen arteko koordinazio eraginkorra lortuz. 2015 urtean protokolo hau ebaluatzeari ekin zaio, bertan egon zitezkeen hutsuneak identifikatu eta arestian aipaturiko erakundeeen arteko koordinazio egokirako neurriak adostuz. Prozesu honetan Hernaniko Osasun Zentroak, Ertzain Etxeak eta Hernaniko Udalak (Zerbitzu Sozialak, Udaltzaingoa eta Berdintasun Arloa) hartu dute parte. Hortaz, 2016 urrian onartu da Erakunde arteko Jarduera eta Koordinazio Protokoloa indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta hobea emateko.

 

Indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta eta laguntza emateko baliabide eta zerbitzuen gida 

Beldur barik

Hernaniko Udalak 2016ko urrian onartu zuen Indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta hobea emateko erakunde arteko II. Jarduketa eta Koordinazio Protokoloa. Protokoloa edukitzea bezain garrantzitsua da, halaber, herritarrek oro har eta indarkeria pairatzen ari diren emakumeek bereziki nora jo dezaketen jakin eta zein baliabide eta zerbitzu dituzten ezagutzea. Horretarako, Protokoloaren Mahai Teknikoak informazio hori hedatzeko egokia izango den euskarri bat sortzea adostu zuen. Euskarri hau sortzeko prozesuaren gidaritza Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialek eta Berdintasun Arloak izan dute Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin. Hala ere, Protokoloaren Mahai Teknikoan parte hartzen duten gainontzeko eragileekin kontrastatu eta adostu da; Ertzaintza, Osakidetza eta Udaltzaingoarekin alegia.

 

 

Beldur Barik programa 

Beldur barik

Beldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta bere helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko. Alegia, Beldur Barik jarrera bultzatzea. Horretarako, Beldur Barik programa hainbat baliabidez baliatzen da.

Informazio gehiago

 

 

 

Azaroak 25: Emakumeen aurkako indarkeriaren Nazioarteko Eguna 

Dominikar Errepublikan, 1960eko azaroaren 25ean, Trujilloren diktadurapean Mirabal ahizpak (María Teresa, Patricia eta Minerva) diktadura haren kontrako herri-mugimenduan parte hartzeagatik torturatu, bortxatu eta erail egin zituzten. Era horretan emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokaren ikur bilakatu ziren, eta 1981etik hona azaroaren 25 guztietan mundu osoan zehar oroitzen da egun hori. 1999ko abenduan Nazio Batuen 83. Biltzarrean, Dominikar Errepublikaren proposamenez, beste 60 gobernuren laguntzarekin, emakumeenganako indarkeria deuseztatzeko nazioarteko eguna aldarrikatu zen.

Azaroaren 25 aldera hainbat ekintza izaten dira jendea sentsibilizatu, indarkeria jasaten duten emakumeei elkartasuna adierazi eta egoera horiek salatzeko. Ekintza horien artean urtero antolatzen da elkarretaratzea Berdintasun Kontseiluak eta mugimendu feministak deituta Plaza Berrian.

Bestalde, Hernaniko Berdintasun Kontseiluak eta mugimendu feministak muturreko emakumeen aurkako indarkeria egoeretan, erailketak kasu, erantzun egoki eta bateratu bat emateko elkarretaratzeak egiten dituzte; Euskal Herriko Emakumeen Plataformarekin bat eginez. Elkarretaratzeak behin erailketaren albistea prentsa idatzian atera eta 24 orduetara egiten dira Plaza Berrian.

 

Txotx garaia: Harreman aske eta parekideen alde, txotx! 

Hernaniko Udaletik garrantzi berezia eman nahi diogu guztiok txotx garaiaz eta bertan sortzen den festa giroaz gozatzeko dugun eskubideari. Izan ere, festa giroa ez da berdin izaten guztiontzat. Horren adibide dira emakumeen kontra ematen diren jazarpenak, hitzezko abusuak, ukituak, bortxaketak… Tamalez, hainbat jarrera normaltzat hartzen ditugu gaur egun eta, beraz, ez ditugu abusutzat jotzen; are gutxiago, jai eta festa giroetako testuinguruetan, horrelako portaerak oso ohikoak baitira.

Hori dela eta, 2015ean tabernari eta sagardotegiekin batera martxan ipini dira hainbat ekimen:

  • Batetik, arestian aipatutako egoera eta jarrera hauek identifikatu eta indarkeria mota ezberdinen aurrean nola jokatu dezakegun argitzeko formazioa eskaini zaie tabernari eta sagardotegiei.
  • Bestetik, Udaletik euskarri batzuk banatu dira, kartel moduko batzuk, non adierazten den, aurretik aipatutako eraso sexistak ez direla onartzen sagardotegi eta tabernetan.
  • Azkenik, eraso sexistaren bat gertatuz gero, jarraitu beharreko pausuak ageri diren “protokolo” bat banatu da taberna eta sagardotegietan: nora deitu, zer egin…

Bestalde, herriko hainbat kale-argitan kartelak ipini dira indarkeria matxista gaitzesteko.

 

Dokumentuak deskargatu

Banderolak [pdf]

Tabernetan jartzeko banderolak

 

Dokumentuak deskargatu

Protokoloa [pdf]

Eraso sexistak: txotx garairako protokoloa

 

Dokumentuak deskargatu

Kartela [pdf]

Taberna eta sagardotegietarako kartela

 

Jai parekideen alde 

Jendea Eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko agerraldia egin zuten hainbat eragilek: Txosna Batzordea (Bilgune Feminista, Dobera-Kronika, AEK, Molotoff irratia, Askapena, Ernai eta Gazte Asanblada), Liletak taldea, Berriak ostalarien elkartea, Udala (2015)

Festak herriaren nortasuna, jendarte egitura eta bertan gertatzen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazle dira. Gaur egun jai eta tradizioek, jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak... Izan ere, jarri al gara pentsatzen guk jaiez gozatu ahal izateko nork egiten dituen etxeko lanak?

Jendartean eman nahi ditugun aldaketak ere gure herriko festetan isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako. Tradizio eta ohiturek ezin dute hertsiak diren eta geldirik dauden zerbait izan, jendartearen eraldaketarekin batera eta norabide berdinean joan behar dute.

Jaiak erasotzailen eta diskriminatzaileen aterpe bilakatzen dira, droga ezberdinen kontsumoaren justifikazio eta aitzakiapean jai eremu eta egunetan era ezberdinetako eraso sexistak sarriago gertatzen direlarik: irainak, mespretxuak, ukituak, bortxaketak… Norberak bere eremutik jarrera horiek saihesteko neurriak hartzea ezinbestekoa da.

Beraz, Txotx garaian egin bezala, San Joan jaietan ere eraso sexistaren bat gertatuz gero, Udalak tabernariekin batera adostutako protokoloa martxan jartzeko konpromisoa hartu dute tabernariek aurtengoan ere. Era berean, Txosna Batzordean ere eraso sexisten gaia landu da eta txosna gunerako protokoloa adostu da beste urte batez.