MEET EUROPA
Meet Europa
Zer da Meet topaketa?
Bidezko Eraldaketarako Udalerriak Europan (MEET) proiektuak administrazio publikoa eta gizarte zibila biltzen ditu, Europan aurrean ditugun erronkez jabetzeko eta horiei aurre egiteko lankidetza-moduak aztertzeko.
Proiektuak Euskal Herriko, Portugalgo, Poloniako, Italiako eta Frantziako kideak ditu eta Europan izango diren 8 ekitalditan jorratuko dira honako gai hauek: COVIDen osteko erresilientzia eraikitzea, pentsamendu sistemikoa, anti-arrazismoa eta justizia soziala, gobernantza partekatua eta ekonomia solidarioa.
2017az geroztik “Trantsizioan dauden udalerriak” (MiT) nazioarteko proiektuan parte hartu duten zenbait udalerriren esperientzian oinarritzen da proiektua. Udalerri horiek beren lurraldean aldaketa sakon eta iraunkorrak ezartzeko konpromisoa hartu zuten, eta bidezko jendartea lortzeko pausoak ematen ahalegindu dira. Aldi berean, klima-aldaketaren ondorioei erantzuten dieten politika publikoak eta jokabide-aldaketak aktiboki sustatzen aritu dira orduz geroztik.
2017az geroztik, Europako 10 udalerrik baino gehiagok hartu dute parte proiektuan, eta ordezkari politikoak, teknikariak, ekintzaileak eta herritarrak bildu ditu, beren esperientziak, ikaskuntzak, erronkak eta sinergia-aukerak partekatzeko proiektuak duen Praktika-Komunitatearen bidez.
Lan horretatik abiatuta, MEET proiektua diseinatu da hainbat lurralde-eragileren artean lankidetza esanguratsurako espazioak sortzeko. Espazio horietan zentroa, arretagune nagusia, pertsonen ongizatea eta natura-ingurunea dira. Gure helburua inplikatutako udalerrientzako gaitasunak, trebetasunak eta ezagutzak garatzea da, justizia sozialean eta jendartean baztertuak izateko arriskuan dauden taldeetan arreta jarriz.
Hernaniko partehartzea
MEET Trantsiziorako herrien arteko topaketetan parte hartzen ari da Hernaniko Udala, bere egitasmoak Europako gainerako herrialdeekin partekatzeko.
Hernaniko Udalaren jardunari aitzindari iritzi zaio hainbat alorri dagokionean: Ingurumena, Ekonomia, Euskara, Berdintasuna zein Kulturartekotasunean, besteak beste. Hernanin antolatutako jardunaldietan honako gai hauek jorratu ziren:
-Ingurumenaren jasangarritasunerako, ZeroZabor politika: hondakinen gaikako bilketa sistema (atez ate) edota ZeroZabor hozkailua.
-Ekonomia sozialaren alorrean, Iturola Elkarlan Sorgunea zein Ekhi tokiko monetaren aldeko apustua.
-Euskaraz bizitzeko hautua egiten du Udalak: Euria ari du dinamikaren bidez sustatzen diren hizkuntza irizpideak.
-Genero Berdintasunaren alorrean ere bada zer partekatu: Udalak Genero Zeharlerrotasuna sustatzeko martxan jarritako lan-ildoa zein emakumeen ahalduntzerako zerbitzu eta baliabideak, besteak beste, Emakumeen Jabetze Eskola eta Kulturarteko Plaza Feminista.
-Azken horren eskutik, Kulturartekotasuna sustatzeko Udalak dituen egitasmoak: Harrera Gida eta Amher Sos Arrazakeria Elkartearekin duen hitzarmena.
Partehartzaileak
Egitaraua
(Laburpena)
14/15/16 IRAILA 2022. Famalicao (Portugal)
Irekiera ekitaldia.
URRIA 2022. Arcueil (Frantzia)
GAIA: Erresilientzia eraikitzen COVIDak eragindako pandemiaren ondoren
ABENDUA 2022. Valsamoggia (Italia)
GAIA: Europan bidezko trantsizioa lortzeko pentsamendu sistemikoa. Jardunaldiaren txostena (Ingelesez)
OTSAILA 2023. Hernani (Euskal Herria)
GAIA: Anti-arrazismoa, berdintasuna, dibertsitatea eta justizia soziala
EKAINA 2023. Famalicao (Portugal)
GAIA: Herritarren partehartzea eta inplikazioa tokiko komunitatean (I)
UZTAILA 2023. Darbowa Gornicza (Polonia)
GAIA: Herritarren partehartzea eta inplikazioa tokiko komunitatean (II)
IRAILA 2023. Valsamoggia (Italia)
itxiera ekitaldia.
Jardunaldiei buruzko albisteak hemen (ingelesez).