Tailerrak eta ikastaroak ORRIA

Tailerrak eta ikastaroak

Gizonak eta feminismoa: ardura, pribilegioak eta boterea

Mugimendu feministaren azken urteetako indar eta gorakadak eztabaida eta korapilo asko ekarri ditu geurera. Indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinak plazaratzearekin batera, horren gaineko ardura eta erantzukizunak ere ipini dira erdigunean eta, horrek, erresistentzia batzuk ekarri ditu. Gizonek feminismoarekiko duten arduraz asko eztabaidatu dugu, baina zer egin eta nola jokatu ez jakitearen aitzakiapean, inguruko gizon askok nahikoa aurrerapausorik eman ez izanaren kezka ere nagusitu da. Hori bera lantzeko aukera izango dugu saio hauetan, eztabaida erreakzionarioak alde batera utzi, botere eta indarkeriaren irakurketa egin eta erabaki feministak hartzeko.

Datak: Otsailak 26/ martxoak 26 / apirilak 23

Ordutegia: 18:00-20:00

Tokia: Kulturarteko Plaza Feminista

Izen-ematea: Otsailaren 12tik 19ra

Hizkuntza: Euskara

Dinamizatzailea: Iñi Etxezarreta (Eihera kooperatiba)

 

Haurdunaldia bizitzea eta partekatzea

Udal Berdintasun Sailak eta Berdintasun Kontseiluak azken urteetan haurdunaldiaren bizipena egoera berean dauden beste emakume eta gizon batzuekin partekatzeko ikastaroa antolatu du. Esperientzia hau besteekin konpartitzea, datorrenerako prestatzea eta jaio berriaren inguruko ardurak hasiera hasieratik bikote edo ingurukoekin elkarbanatzea du helburu ikastaro honek.

Haurdunaldian zehar ohikoa izaten da hainbat azterketa ginekologiko eta proba egitea arrisku-haurdunaldiak detektatzeko, amaren eta umekien osasun fisikoan zerbait gaizki ote doan ikusteko, umekia nola garatzen ari den jakiteko, etab. Baina... zer geratzen da haurdunaldian izaten diren sentsazio emozional eta fisikoekin? Zer gertatzen da amaren eta umekiaren arteko harreman diadikoarekin? Zer gertatzen da amaren, umekiaren eta familia-guneko beste kideren arteko harremanarekin? zein da bikotearen egitekoa? Galdera hauei eta sortu litezkeen beste galderei erantzungo zaie saio hauetan.

 

Dokumentua deskargatu

Diptikoa [pdf]

"Haurdunaldia eta erditzeondoa" bizi eta partekatzeko tailerra. Horietan sentitzen eta pentsatzen duguna partekatzeko aukera paregabea da. Gainera, zalantzak eta ezinegonak adierazteko eta informazioa jasotzeko ikastaroa da.

Gogoeta eta eztabaida feministak: Zahartzeko manerak euskal literaturan

Azken aldian zahartzaroaren eta zahartzeko moduen inguruko literatur lan ugari argitaratu dira, guztietan ere gizarte-egiturak eta zaintza-sareak hizpide dituztenak. Irakurle-talde honetan zahartzeko maneren inguruko literatur lan laburrak eta pasarte literarioak izango ditugu hizpide, betiere genero-ikuspegiak zahartzeko modu horiek nola zeharkatzen dituzten aztertzeko asmoz. Galdera hauetariko zenbait erantzuten ahaleginduko gara irakurketa-talde honetan: zein zahartzeko manera irudikatu dira euskal literatura garaikidean? Zahartzeko manera hoeik zer genero-ikuspegi irudikatu dituzte? Zahartzeko manera horiek irudikatzean, nolako proposamen feministak egin dira? Irakurleok nola eraikitzen dugu geure zahartzeko imajinarioen eta pertsonaiaren zahartzeko moduen arteko harremana? 

Lehen bi saioetan, irakurketa kolektiboak egingo ditugu, galdera horiek ardatz hartuta, eta hirugarren saioan bi idazle hauekin solasean aritzeko aukera izango dugu: Yolanda Arrieta eta Mari Luz Esteban.

Datak: Urriak 29/ azaroak 5/ abenduak 17 (mahai-ingurua)

Eguna: Asteazkena

Ordutegia: 17:30-19:30

Izen-ematea: Urriaren 13tik 22ra

Hizkuntza: Euskara

Dinamizatzailea: Iratxe Retolaza Gutierrez

Gonbidatuak: Yolanda Arrieta eta Mari Luz Esteban (azken saioan izango da)