"Izan zirelako" heriotzaren eta dolu perinatalaren Hernaniko txokoa igandean inauguratuko da
08·02·2023
Heriotza eta dolu perinatalaren txokoa inauguratuko du Hernaniko Udalak igandean, hilak 12, 12:00etan. Gaur aurkeztu du Udalak, Esti Zeberio eta Dani Llopis eremuaren sorrera sustatu duten gurasoekin eta Sahatsa Jauregi txokoaren sortzailearekin batera.
Txoko horren beharra dolu hori bizi duen Hernaniko familia baten eskaera batetik abiatu zen. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak esan duenez, “eskaera iritsi zitzaigunean, berehala heldu zigun gaiak. Beharrezko ikusi genuen egoera honetatik pasatzen ari diren pertsonentzako honelako espazio bat sortzea”.
Esti Zeberiok eta Dani Llopisek haurdunaldiaren 23. astean galdu zuten semea, duela sei urte. Marko izena zuen. Esti Zeberiok jakinarazi bezala, 24. aste baino lehenago hilda jaiotzen diren umeen gurasoek ez dute haien haurraren gorputzean erabakitzeko ahalmenik. “Dolu prozesuan murgilduta geunden eta gure semea nonbait kokatu behar horretatik sortu zen ideia. Hernanin aurkezten ari garen horrelako espazioen berri izan genuen baina gehienak Katalunian daude. Euskal Herrian bakarra dago, Derion (Bizkaia)”. Hernanikoa, beraz, dolu perinatalaren bigarren eremua izango da Euskal Herri osoan.
“Udalarekin harremanetan jarri ginen eta oso eskertuta gaude Izan zirelako espazio hau sortzeko prozesu osoan oso gertuko tratua jaso dugulako. Ulertuak sentitu gara. Sahatsak ere mimoz, beti guri entzunez, detaile guztiak landuz”, adierazi du Esti Zeberiok.
Haren hitzetan, Izan zirelako espazioak hiru funtzio beteko ditu: “lehenik, ospitaletik haurraren gorputzik gabe ateratzen garen gurasook gune bat izango dugu, gure umearekin konektatuta egoteko. Seguru nago horrek lagunduko diela familiei dolu prozesuan. Bigarrenik, heriotza perinatala ikustarazten, gizarteratzen, lagunduko du espazio honek, zoritxarrez, oraindik ere, gai hau tabua delako. Eta, hirugarrenik, erakunde publiko batek, kasu honetan, Hernaniko Udalak, egungo legediak aitortzen ez duen errekonozimendua emango die gure haurrei”.
Sahatsa Jauregiren erronka: ausentzia nola irudikatu forma baten bidez
“Ausentzia bati nola eman forma?”. Sahatsa Jauregi artistak bere buruari egindako galdera hori izan zen Izan zirelako eskultura eta espazioa sortzeko abiapuntua.
“Galdutako haurrei, hildako haurrei izar umeak deitzen zaie. Eta unibertso horren inguruan hasi nintzen lan egiten. Kokapena ere garrantzitsua zen. Hilerriko paisaia zeharkatzea nahi nuen baina txokoaren ideia irudikatuta”, azaldu du Jauregik. Kontuan hartu beharreko hirugarren erronka zen, artistaren esanetan, “nola lortu familiak espazio honen parte sentitzea. Kontenplaziorako lekua izan bai, baina horretaz gain, familiek haien akzio baten bitartez espazioa aktibatzea ere nahi nuen”, erantsi du.
“Kasu hauetarako erritual eta liturgiarik ez da existitzen, beraz, nola sortu ohitura horiek?”, izan zen Sahatsaren beste erronketako bat. Ideia horren inguruan aritu ondoren, familiek parte aktibo izateko proposamenak honako hauek izan ziren: “Familiek burdinazko izarretan haurraren izena jartzeko aukera izatea; bigarrena lurzorutik gora eta beherako konexio horrekin lotuta dago. Izan ere, eskultura bat sortu nuen, postontzi antzeko bat, lurraren azpian metro bateko sakonera duena eta gure proposamena da mezuak, gutunak edota ideiak erre eta errautsak lurraren azpira sartu ahal izatea”, argitu du Sahatsa Jauregik.