Berriak
Atzealdea Hernaniko Udalak herriari begirako Euskara Plan “egingarria” osatu du datozen urteetarako
Hernaniko Euskara Kontseilua sortuko da
2023·11·24
Hernaniko Udalak Herriari begirako Euskara Plana 2023-2027 aurkeztu zuen atzo, jendaurrean, Hernanin euskararen normalizazioan eragiten jarraitzeko, “bizitza publikoan euskaraz funtzionatuko duen eta herritarrak euskaraz eroso bizi ahalko diren Hernani eraiki eta garatzeko”. Plan honen erronka nagusia “euskara gizarte-bizitzan unibertsalizatu eta komunikazio-hizkuntza bihurtzea” ditu.
Euskara “gizartearen oinarri” ulertzen du Planak: “Herritar eta herriko eragile guztiak inplikatzen dituena, ez soilik euskaltzaleak”.
Axier Mingo Euskara zinegotziak aurkezpenean adierazi zuenez, “plan honek neurri zehatzak hartzera behartuko gaitu, ez da teorian soilik geldituko”.
Euskara Kontseilua, “Udalaren eta herriko eragileen elkargunea”
Plan honek Euskara Zerbitzuak herrira begirako gauzatzen dituen jarduera eta egitasmoak jaso ditu soilik. Plana “egingarria” izan dadin, hurrengo urteetarako “pausoak eta agenteekin adostu diren zein gai eta egitasmori helduko” zaion zehaztu da.
Horien artean kokatzen da sortuko den Euskara Kontseilua. “Euskara Kontseiluak Hernanin euskararen normalizazioan eragiten jarraitzeko ekintzak eta ideiak gauzatzen ahalbidetuko duelakoan gaude”, esan zuen Mingok. “Saiakera handia egingo da eta badakigu eragileentzako ere halakoa izango dela, baina komentzituta gaude euskarak merezi duela”.
Euskara Kontseilua “tresna” bat izango da, “Udalaren eta herriko eragileen elkargune izango da organoa, elkarren berri izan eta euskararen normalizazioan norabide berean aritzeko”. Kontseilua proposamenak egiteko eta aholkularitzarako gune izango da.
Aisialdia, transmisioa eta gizartearen euskalduntzea, lan-ildo nagusiak
2021ean, Udaleko Euskara Zerbitzuak gogoeta prozesua hasi zuen. Abiapuntu hartatik osatu da 2023-2027 Euskara Plana, herriko eragileekin elkarlanean.
Diagnostikoa egin ondoren, Udaleko Euskara Zerbitzuak prozesuan parte hartu duten eragileekin adostu du non jarriko diren datozen urteetan fokoa eta indargunea: aisialdia; familia eta etxeko transmisioa; eta gizartearen euskalduntzea izango dira lan-ildo nagusiak.
Zeharka landu beharreko bi eremu ere adostu eta zehaztu dira 2023-2027 Euskara Planean: migrazioa eta, bilakaera demografiko eta urbanistikoa.
Eskertza parte-hartzaileei
Udalak eskerrak eman nahi dizkie Herriari begirako Euskara Plana 2023-2027 osatzen parte hartu duten eragile guztiei, atzoko aurkezpenera hurbildu zirenei eta aurrerantzean ere euskararen normalizazioan Udalaren bidelagun izango direnei.