DIGURBE
ELKARTEA
Uraren zikloa digitalizatzeko PERTEan planteatutako erronkei aurre egiteko, DIGURBE-Donostialdeko Uraren Zikloaren digitalizazioa proiektua aurrera atera dute Añarbek eta bederatzi udalerrik osatutako elkarteak. Elkarte hau Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak, S.A.k (Añarbeko Uren Mankomunitatearen kudeaketarako sozietate publikoa) eta Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Astigarraga, Urnieta, Usurbil eta Lezoko udalek osatzen dugu; eta, aldi berean, udalak Añarbeko Urak Mankomunitateko kide gara. Horrela, uraren zikloa modu integralean kudeatzen duen erakunde bat sortu da.
Añarbek edateko ura hornitu eta hondakin-uren saneamendu eta arazketa zerbitzua ematen digu udalerrioi; udalei zerbitzua ematen digun sare primarioez arduratzen da. Eta udalak gara herritarrei azken zerbitzua ematen diegunak, dagozkion udal-zerbitzuen bidez.
Lehen eta bigarren mailako sareen (guztiak eremu geografiko berean daude) arteko erlazio nabariari esker, DIGURBE proiektuko jarduketak zorrotzago eta eraginkorrago egin ahal izango dira.
PROIEKTUA
Digurbe-Donostialdeko Uraren Zikloaren digitalizazioa proiektua Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Esoainiako Ministerioak uraren zikloa digitalizatzeko Europako funtsetatik 5,03 milioi euroko dirulaguntza jasotzeko hautatuetako bat izan da. Proiektuaren aurrekontua, guztira, 8,98 milioi eurokoa izango da; hau da, dirulaguntza jarduketen zenbateko osoaren %56 izango da.
Añarbe buru duen proiektua Europak finantzatuko duen 30 finalistetako bat izan da. Guztira, Espainiako estatuko 158 proiektuk hartu dute parte 200 milioi euroko finantzaketa-lerroa zuen deialdian.
Proiektuan, guztira, 52 jarduera sartzen dira (bai Añarbeko eskumeneko lehen mailako sareetan, bai Udalaren bigarren mailako sareetan), uraren ziklo osoa hartzen dutenak: edateko uraren bilketa, tratamendua, biltegiratzea eta banaketa; hondakin-uren saneamendua eta arazketa, eta, azkenik, ingurune naturalera itzultzea.
Jarduketek hornitutako uraren ezagutza hobetuko dute emariak, presioak eta beste aldagai fisiko batzuk etengabe monitorizatuz, bai eta kalitate neurriak ere, bai izaera fisikokimikokoak bai mikrobiologikokoak. Energia-kontsumoa optimizatzera eta zibersegurtasuna hobetzera bideratutako proiektuak ere gauzatuko dira. Eraldaketa digitalaren prozesua teknologia berritzaileetan oinarrituko da, hala nola biki digitalen erabilera, adimen artifizialeko tekniken aplikazioa, Big Data, gauzen Internet, etab.
HELBURUAK
DIGURBE-Donostialdeko Uraren Zikloaren digitalizazioa proiektuak informazioaren teknologia berrien erabilera bultzatzen du uraren ziklo integralean, eta, horri esker, uraren kudeaketa hobetuko da, eraginkortasuna handituko da, hornidura-sareetako galerak murriztuko dira eta plangintza hidrologikoak eta nazioarteko araudiek ezarritako ingurumen-helburuak betetzen aurrera egingo da.
Teknologiarik onena eduki behar da informazioa denbora errealean hartzeko, gero tratatu, prozesatu eta aztertu ahal izateko, uraren zikloaren etapa guztietan edozein anomalia detektatu ahal izateko (edateko uraren bilketa, tratamendua, biltegiratzea eta banaketa; hondakin-uren saneamendua eta arazketa, eta, azkenik, ingurune naturalera itzultzea), bai egoera meteorologiko egonkorretan, bai kontrako egoeretan.
Azken batean, proiektuari esker, edateko uraren eta hondakin-uren hornidura-sareen kudeaketa eta kontrola hobetu ahal izango dira, baita horien instalazio nagusiena ere.
EKINTZAK
Hernaniko Udalak egingo dituen proiektuen berri emango du atal honetan.