Berriak

Atzealdea Tasak eta zergak ez dira igoko 2021ean

Pandemiak eragindako krisialdia dela eta, familia askoren ekonomia kalte handiak jasaten ari da. Horretaz jabetuta, datorren urterako herritarrek ordaindu beharreko tasak eta zergak bere horretan uztea proposatu du udal gobernuak. Aste honetako osoko bilkuran aho batez onartu da proposamena.

2020·10·02


Isa Sánchez Ogasun zinegotziak iraileko osoko bilkuran azaldu zuen udal gobernuaren proposamena tasen eta zergen inguruan. Izan ere, ohikoa da urtero igoera txiki bat egotea, KPIren araberakoa, tasetan eta zergetan. Igoera horren helburua da zerbitzu publikoen kostua eta Udalak dituen diru-sarrerak orekatzea, Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua izan dadin.

Hala ere, Isa Sánchezek gogora ekarri zuenez, "aurten hilabete gogorrak bizi izan ditugu, bai herritarrok bai erakundeok. COVID-19ak sortutako pandemia dela eta, gure ekonomiak kolpe latza jasan du, eta etorkizun hurbilean ez du ematen asko hobetuko duenik. Horren ondorioz, herritar asko ERTEan sartu dira, beste batzuk lan gabe gelditu dira eta negozioak dituzten askori diru sarrerak nabarmen murriztu zaizkio".

Era berean, Ogasun zinegotziak ohartarazi zuenez, "pandemiaren ondorioz, Udalaren diru-iturriak ere asko murriztu dira eta betebeharrak eta aparteko gastuak, ordea, izugarri handitu zaizkigu".

Hala ere, gehitu zuen, "herriko familia askoren etxeko ekonomia sufritzen ari den garai honetan, bidezkoa iruditu zaigu familien karga hori ez areagotzea eta, horregatik, proposatzen dugu udal tasak eta zergak ez igotzea". Beste talde guztiek bat egin zuten eta aho batez onartu zen.

Hobariak ere bere horretan mantenduko dira

Urtero bezala, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHZ-IBI), eta ura eta saneamendua eta hondakinen tasetan hobariak daudela nabarmendu du Sánchezek. Urriaren 31 arte dago hobariak eskatzeko aukera.