Gazte Kontseilua
2014ko martxoa eta 2015eko urtarrila bitartean prozesu parte-hartzaile bat abiatu zen herriko gazteekin batera, euren interesak, gogoak, kezkak eta ametsak aztertzeko. Gaztetu Hernani izeneko prozesu hori gazte politikak zehazteko oinarria izan zen.
2015 urte amaieran prozesuaren beraren izena hartu zuen #GAZTETUHERNANI gazte-kontseilua eratu zen. Izaera erabakitzailea duen udal organoa da; hau da, Udalaren eta gazteen arteko adostasunean oinarritutako proposamenak aurrera ateratzen dira. Gazteen kezkak, interesak, beharrak jasotzen dira, eta egitasmo berriak lantzen dira.
Gaztetu Hernani gazte-kontseiluaren bidez Ikasgela Zerbitzua eta etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak jarri dira abian, besteen artean. Dirulaguntza horiek Haur eta Gazteria Arloak kudeatzen ditu.
Interesa duen edonork parte har dezake kontseiluan. Bilera-deialdia 48 ordu lehenago egiten da arloko sare sozialen bidez: @gaztetuhernani #gaztetuhernani